arantxa iraola
ANALISIA

Ezkutaketan

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Zinemaldiko alfonbra gorriak sortu ohi duen liluraz haragokoak erakusteko asmoz, ohikoak izaten dira aldarrikapenak Donostian egun horietan: alfonbra azpietan gorde nahi izaten diren arazoen erakusgarri izaten dira sarri askotan. Aurten, Gipuzkoako zahar etxeetako langileek hartu dute kalea. Urtebete baino gehiago daramate lan itunaren aldeko borrokan, eta, egunotan ELAk deituta greban daudela nabarmendu nahian, zinearen festaren plazara eraman nahi izan dituzte zahartzaroa eta mendekotasunak: erkinduta dauden gizon-emakumeen premiak, haien zaintzaileen eskakizunak oinarri hartuta. Ulertzekoa da zarata egin nahi izatea; izan ere, gatazka bideratzeko elkarrizketak guztiz trabatuta daude, eta, herrialdeko zahar etxeetan toki gehienak itunpekoak badira ere —Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainiak, hain justu— instituzio horrek gatazkaren hasieran zuen jarreran irmotuta jarraitzen du gaur oraino: auzia patronalek eta sindikatuek konpondu behar dutela adierazi du behin eta berriro. Publikoki, beti hori izan da mezua.

Lehengo astean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, jarrera horretan gotortuta agertu ziren foru gobernuko ordezkariak. Lander Ugartemendia jeltzaleak fermuki defendatu zuen diputazioaren jarrera: «Gure helburu nagusia sistemaren jasangarritasuna bermatzea da, gizarte politikak aurrera eraman ahal izateko». Agintariek bazterrean utzi ezin duten aldagaia da zinetan «jasangarritasuna», baina gatazka hau aztertzen hasi orduko burura datorren galdera da nola konpon daitekeen auzia finantzaketaren ardura duen erakundeak esku hartu gabe. Argudia daiteke ameskeria dela zaintza sistema ulertzeko beste era bat, politikarako goiburu errazak bilatzen dituzten ezkerreko ordezkarien aldarri hanpatu bat, baina PPko batzarkide Juan Carlos Canok berak agerian utzi zuen bilkuran aldundiaren jarreraren kontraesana. «Gipuzkoako Foru Aldundia ezin da ezkutaketan jolasean ibili auzi honetan», argudiatu zuen: «Hor egon behar du». EH Bilduk eta Ahal Dugu-k ere berritu egin zuten eskari hori bera. Jeltzaleek, ordea, botoen babesa zutela gogoratu zuten: ongi ari direla argudiatu zuten.

Geroak dakartzan erronka handienetako bat da populazioaren zahartzea. Kuantitatiboki. Eta kualitatiboki. Zahartzarorako gurari berriak ernaltzen ari dira, eta horiei erantzun egin beharko zaie. «Garrantzitsua da osasuna, baina beste desio asko daude», azaldu du Marije Goikoetxea etikan adituak uda honetan, BERRIAko elkarrizketa batean, zaharrei ematen zaien arta hizpide. Desio horiei erantzuteko Gipuzkoako Diputazioak abiatu duen Adinberri zentroaren gisako egitasmoak giltzarri izango dira. Baina langileen lan baldintzak ere lehen lerroan jarri behar dira. Ezin da ezkutaketan jardun. Arazoak alfonbra azpian ezkutatzen ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.