Mendozarentzat, euskararen aldeko adostasunaren kontra doa

Gontzal Mendibe Miguel - Markel Garzon Goitia
2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere gaitzetsi egin du EAEko udal legearen aurkako epaia. «Euskararen aldeko adostasunen eta erakundeek egindako ibilbide partekatuaren aurkakoa da», adierazi du Eider Mendoza ahaldun nagusiak. Sententziaren inguruko «desadostasun irmoena» erakutsi du, eta «oso larritzat» jo du epaitegietan «nabarmentzen» ari den joera.

Eider Mendozak gogora ekarri du erakundeen ardura dela hizkuntza biziberritzearen aldeko erabaki eraginkorrak hartzea, eta azpimarratu du adituek proposatutako lan ildoei jarraitu behar zaiela horri modua emateko.

Mendozaren ustez, sententzian «agerikoa» da euskararekiko, euskal hiztunekiko eta euskal autogobernuarekiko «sakoneko errespetu falta». Aldi berean, diputatu nagusiak «prestutasun osoa» adierazi du euskal autogobernua defendatzeko eta euskararen erabilera indartzeko administrazioan. Mendozak txalotu egin du azken urteetan landu den hizkuntza politika, eta bide horri eustera deitu du: «Ahalegin horri esker, hizkuntza berdintasuna gauzatzeko bidean aurrerapen handiak egin ditugu, eta euskararen berreskuratze lanean aurrera egin dugu. Udalekin elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ahalegin horretan jarraitzeko determinazioa adierazi nahi du, bereziki administrazioaren jardunean euskararen erabilera indartzeko ahaleginean jarraitzekoa».

UEU Udako Euskal Unibertsitateko zuzendari Aitor Bengoetxeak plazaratu du epaiaren aurkako iritzia. «Euskalgintzaren erantzun bateratua eta sendoa behar dugu», txiokatu du.

Bestetik, Euskalgintzaren Kontseiluak ere berretsi du sententziak euskararen normalizazioaren aldeko kontsentsu zabala urratzen duela. Kontseiluak salatu du euskaraz bizi diren milaka herritarren oinarrizko eskubideetako bat urratzen ari dela sententzia: euskaraz lan egitekoa. UEMAko ordezkariei babesa agertu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.