Gizon bat espetxeratu dute, Leioan bi emakume bortxatu izana egotzita

Neska adingabe batek jarritako salaketaren harira atxilotu dute. 2015ean eta 2017an egindako bi eraso egozten dizkiote atxilotuari

Eraso matxisten kontrako elkarretaratze bat, Leioan (Bizkaia), 2016an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Erredakzioa
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Ertzaintzak 49 urteko gizonezko bat atxilotu zuen joan den asteartean Loiuko aireportuan (Bizkaia), eta espetxeratu egin zuten atzo, behin-behinean, 2015ean eta 2017an egindako bi bortxaketa leporatuta, Ertzaintzak berak jakinarazi zuenez.

Atxilotua eskola kiroleko futbol entrenatzaile aritzen da Erandion (Bizkaia), eta sexu abusu baten salaketaren harira hasi zen Ertzaintza hura ikertzen. Izan ere, neska adingabe batek berriki salatu du entrenamendu batean ukituak egin zizkiola entrenatzaileak, eta sare sozialetatik ere idatzi ziola.

Salaketa jarri eta gutxira atxilotu zuten gizonezkoa, baina, beste bi erasoren susmagarritzat ere jotzen zuen Ertzaintzak; zehazki, 2015ean eta 2017an Leioan izandako bi bortxaketaren egile izan zitekeela uste zuen. Hala, atxilotuari DNA proba egin zioten, eta ohartu ziren emaitzak bat egiten zuela orduko erasoen ostean jasotako laginarekin. Emakume batek eta adinbageko batek salatu zituzten erasook. Gizonaren etxebizitza miatu ondoren, behin-behinean eta baldintzarik gabe hura espetxeratzeko agindu zuen atzo Getxoko instrukzio auzitegiak.

Hala ere, ikerketak zabalik jarraitzen du, eta Ertzaintzak ez du baztertzen atxilotua antzeko eraso gehiagoren atzean egon daitekeenik.

Azken urteotan, Ertzaintzak hamabi lagun baino gehiago ikertu ditu 2015eko eta 2017eko erasoekin lotuta, erasoa jasan zutenek erasotzaileari buruz emandako informaziotik tiraka. Ustezko antzekotasun fisikoarekin lotuta egin dituzte atxiloketa horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.