Andoni Azkargorta. Eibarreko bigarren entrenatzailea

«Oso ondo gaude: bost puntura daukagu jaitsiera»

Bosgarren denboraldia du Azkargortak Eibarren. Aurkariak aztertzen aritzen da, batez ere, eta ondo ezagutzen ditu talde guztiak. Azken urteetako ligarik berdinduenean Eibar «ondo kokatua» dagoela dio.

Aitor Manterola Garate.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Antzuola, Bergara, Mondragon, Aloña Mendi eta Eibarreko gazte mailako talde nagusia. Horra Andoni Azkargortak (Antzuola, Gipuzkoa, 1978) zuzendutako taldeak Eibarreko lehen taldean lanean hasi baino lehen. Duela bost denboraldi deitu zion Gaizka Garitanok, eta, gero, Jose Luis Mendilibarrek ere eskatu zion berekin jarraitzeko. Aurkariak aztertzea du egitekoa.

Aurkariak aztertzen dituzu zuk. Nolako taldea da Leganes?

Aldatu egin da denboraldi hasieratik, eta orain hiru erdiko atzelarirekin eta bi aurrelarirekin jokatzen dabil. Lehen Mailako talderik bertikalena da. Sendotu egin dira defentsan, atzean egoten dira aurkariaren zain, eta, baloia lapurtu orduko, azkar asko botatzen dute gora, espazioetara. Aurrera ezin dutenean egin, hegaletara eramaten dute baloia, erdiraketak egiteko; lauzpabost jokalarik zapaltzen dute aurkariaren area jokaldi horietan.

Nola egingo diozue aurre zuen betiko jokatzeko moduarekin?

Gurea egitera aterako gara, baina kontuz ibili beharko dugu, eta Leganesek goian uzten dituen jokalariak gertutik zaindu, gure atzelarien bizkarra zaindu, eta, guk baloia galtzen dugunean, lortu behar dugu baloia ez dezatela eroso bota aurrelariengana. Hegaletara ateratzen dutenean baloia, ondo zaindu beharko dugu gure area, eta erasoan ere min eman hegaletik erdiratzen dugunean. Bi areetan ondo jardun beharrekopartida da gaurkoa.

Astelehenean Espanyoli irabazi izanak lasaitasuna ekarriko zuen taldera, ezta?

Ardura geneukan partidarik irabazi gabe geundelako aurreko sei jardunaldietan, nahiz eta bi bakarrik ziren galdutakoak. Hiru puntuko liga honetan, lau partida berdinduta zortzi puntu uzten dira irabazi gabe, eta astez aste behera gindoazen sailkapenean. Jokoz ondo ari ginen, eta lasai geunden alde horretatik, baina irabazi ezinagatik ere bageneukan kezka. Ez geunden larri, baina behar bat bageneukan irabazteko.

Golak sartzeko gabeziaz hitz egin zuen mundu guztiak irabazi ezinda egon zineten bolada luzexka horretan. Ados horrekin?

Gola ez zen falta, Espanyolen aurkakoaren aurreko zazpi partidetan hiru sartu baikenizkion Real Madrili, lau Levanteri eta bat Valentziari. Hainbeste aukera egin eta gehiago sartzea, bai, falta izan zaigu, baina uste dut koska handia dagoela hortik golik ez daukagula esatera. Espanyoli ere hiru sartu genizkion.

«Eibar gara» esaldiak estaltzen du asmatu ezin hori?

Onerako eta txarrerako gara Eibar, komeni den bezala erabiltzen delako. Ezin dugu ahaztu zein den gure aurrekontua eta zein itsasotan mugitzen garen jokalariak ekartzeko. Oso txikiak gara itsaso handi horretan, eta hor bagara Eibar. Beste gauza batzuetan, aldiz, handiak izan nahi dugu. Uste dut ez dugula ahaztu behar zein garen.

Jaitsieratik bost puntu goitik egotea ez al da emaitza oso ona?

Ustez, bost partida gehiago irabazita, mailari eusteko moduan izango gara, 40-41 punturekin. Egoera pribilegiatuan gaude. Liga estu dago, eta ikusi zenbat talde egon garen bospasei jardunalditan segidan alerik irabazi gabe. Jakinda zein estu dagoen sailkapena, bigarren itzuliko partida bat jokatu eta gero jaitsiera bost puntu atzetik izatea egoera oso ona da. Gure helburua lortzeko borrokan ari gara, eta puntu aldearekin, gainera.

Taldean ahalik eta lasterren lortu nahi zenuten aldea jaitsierarekiko, bolada txarra heltzean tarte nahiko izateko. Hori egin daiteke Liga hain estu egonda?

Ez dut uste. Hobeto bai, baina... Gure atzetik datozen hainbat talde izenez gu baino gehiago dira, eta hasi beharko lukete puntuak batzen bigarren itzulian. Estu egongo da jaitsiera, eta prest gaude borrokarako. Orain, ustez, partida egokiak dauzkagu arnasa gehiago hartzeko.

Zein talde ikusten dituzu jaisteko arrisku handienarekin?

Ez nuke inor izendatuko. Vila-realek guk baino zazpi puntu gutxiago dauzka, baina talde ona du, eta ematen du aterako dela behetik. Besteok elkarren gainean gaude, Huesca izan ezik,oso atzean baitago. Lanak izango ditu ez jaisteko, eta besteon artean hamabi talde gaude lehian. Edozein jaits daiteke. Badaude talde batzuk joko gutxirekin orain, baina badute berpizteko gaia ere.

Jokoa berdindu egin da liga honetan, ez galtzera jokatzen dutelako talde askok, baina Eibarrek aldapa behera jokatzen du orain ere, parean edozein izanda ere.

Guk ez diegu aurkariei asko begiratzen. Gero, Levanteren aurka haiek azken unean berdindu zutenean, entzun genuen ez dakigula partidak ixten. Baina nork daki emaitza aldekoa izanda atzean sartuta ez ote zitzaigun gauza bera gertatuko? Gure taldea ezagututa, etekin handiagoa ateratzen diogu goian presio egiteari. Gehiago sufrituko genuen atzean sartuz gero. Gure ideiarekin gertuago gaude irabaztetik galtzetik baino.

Garbi dagoena da Eibar jokatzen ikustea plazera dela, beti gertatzen direlako gauzak zuen partidetan.

Aspertzeko astirik ez da izaten, ez. Adrenalina handia sortzen digu guri ere zelaian, eta polita da. Hala ere, politena taldea egunero entrenatzen ikustea da. Asteko grina hori partidetan ateratzen da gero.

Lan eta emaitza onen ardatza Jose Luis Mendilibar da?

Klub honetan, entrenatzaileak oso garrantzitsuak dira. Lehen, Gaizka [Garitano] zen liderra, eta, orain, Mendi [Mendilibar] da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.