ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

'Darbinkeri'

2015eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Kepa Altonaga zoologo, irakasle eta dibulgatzaileari ikasi nion hitza: darbinkeri. Hark, berriz, Plazido Muxikaren hiztegian topatu zuen, gaztelaniazko evolucionismo sarreraren ordain gisa.

1965ean argitaratu zen Muxikaren hiztegia, eta Altonagak berak onartzen du ekarpen handia egin ziola garai hartako hiztegigintzari. Horrekin batera, ordea, ez du ezkutatzen darbinkeria terminoak sekulako asaldura eragin ziola. Hala aitortu zuen, adibidez, Elhuyar aldizkarian argitaratutako artikulu batean (Darwinkeria, 267. zenbakia). Izan ere, terminoaren atzizkiak (-keria), aditzera ematen du hiztegigileak ez zuela batere iritzi ona eboluzionismoari buruz. Eta ez zen bakarra; Altonagaren esanean, Euskal Herriko pertsona ospetsu asko zeuden Darwinen ideien aurka, tartean, Jose Migel Barandiaran eta Piarres Lafitte.

Darwin geurean liburuan azaldu zuen Altonagak zenbait euskaldun sonatuk Darwinen ideien aurrean izan zuten jarrera (Pamiela, 2010). Irakurketa guztiz gomendagarria, eta aproposa, joan den ostegunean, hilaren 12an, izan baitzen Darwinen eguna.

Haren jaioteguna aitzakiatzat hartuta, hainbat ekitaldi antolatzen dira urtero mundu osoan, egin zituen ekarpenak gogorarazteko. Agian batek pentsa lezake ez dagoela egun horren beharrik, darbinkeria iraganeko kontua dela. Ez da hala, baina: 2013an Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa baten arabera, biztanleen %19,53k soilik uste du eboluzioa dela gizakiaren sorreraren azalpen onena (The variables related to public acceptance of evolution in the United States).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.