Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Saltoa

2018ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Bat, bi, hiru... aurkezle euskal herritar. Gutxienez hiru zenbatu genituen telebista kate ezberdinetan, Urtezahar gauean. Hamabiak jo arteko ia saio guztiak sintonizatu genituen momenturen batean, urtezaharra norekin buka eta berria norekin hasi erabaki bitartean. Gurean oraindik tradizioa da telebistari lotua agurtzea doana eta datorrena. Aukeren artean zeuden Tele5, Antena3, LaSexta, TVE, ETB1 eta ETB2. Kate publikoak eta pribatuak. Zehazki, bi kasuetan ikusi genituen euskal herritarrak aurkezle lanetan. Anne Igartiburu (Elorrio, Bizkaia 1969) eta Ramon Garcia (Bilbo, 1961) TVEn, eta Iñaki Lopez (Portugalete, Bizkaia 1973) LaSextan —Cristina Pardo kazetariarekin batera—. Batzuek denbora laburra egin dute aurretik Hego Euskal Herriko medioetan lanean. Zehazki, Igartiburu eta Garciaz ari naiz. Lehenak Arrasate Telebistan eta ETBn egin zuen lan 1990eko hamarkada arte; bigarrenak, 1980ko hamarkada arte EITBn. Hortik Madrilera salto egin zuten. Lopezek, gradualki egin badu ere, orain sei urte egin zuen salto bera. Ordutik, inor ez da bueltatu etxera.

Zer pentsatua eman dit horrek. Orain egun gutxi, ETBren Egun On Euskadi saioan, Eneko Sagardoi aktore eta Handia filmeko protagonistari Madrilerako saltoaz galdetu zion Garbiñe Biurrun epaileak: «Euskal Herritik mundura ari zara zu, beno, zu eta euskal zinema. Hemendik urte batzuetara ikusten duzu euskal esparrua motz geratuko zaizula lan aukerei dagokienez? Non ikusten duzu zeure burua aktore moduan lanean?». Sagardoik, berriz, honako hau erantzun zuen: «Hitz egiten denean saltoa ematearenaz, Madrilera edo kanpora, Kandido Uranga aktorearen hitz batzuk etortzen zaizkit burura. Hark esan zidan behin: 'Saltoarena ez dut oso ondo ulertzen. Saltoa nora? Zergatik da saltoa Madrilen lan egitea? Edo kanpoan?'. Aizu, egin dut pelikula bat Euskal Herrian 13 izendapen lortu dituena Espainiako Goya sarietan. Errementari (2017) filma estreinatu dugu beldurrezko munduko zinema jaialdi garrantzitsueneko Sail Ofizialean. Saltoa nora egingo dut, bada, bi pelikula horietan parte hartu eta gero? Beraz, Euskal Herritik kanpo lan egitea baino gehiago, istorio onak interesatzen zaizkit».

Gutxi erantsi dezaket nik. Soilik gauza bat: nahiko nituzke ikusi 2018an ere euskarazko fikziozko beste bi pelikula berri eta on.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.