Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Basakabi

2018ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Presioa izugarria zen. Mila lekutatik iristen zitzaizkidan Go!azen fenomenoaren gaineko komentarioak. Lore Erriondok BERRIAn argitaratuko iritzi artikuluaren ondotik, ordea, ezin izan dut denbora gehiago pasatu saioa ikusi gabe. Nagikeria izan da. Aitortzen dut. Ez nuen askorik espero EITBk Pausokarekin batera gaztetxoentzat ekoitzitako euskal musikal batetik. Baina, aizue, izan zitekeen ustekabe atsegina hartzea. Ausart, play sakatu nuen lehenengo atalean: Ongi etorri Basakabira.

Basakabi gaztetxoentzako udako barnetegi bat da. Zehazki, abade etxea. Ongi irakurri duzue. Zuzendaria apaiz zahar bat da. Irakasleen helburuetako bat gazteei ingelesa irakastea da, «XXI. mendera egokitu behar dugu» lelopean. Protagonisten gurasoek opor egunak horretan ematera bidali badituzte seme-alabak; ikusleek erraz ondorioztatu dezakete euskara bigarren mailako hizkuntza dela. Garaiotan, ingelesa baino garrantzi gutxiagokoa. Ingelesa normaltasun osoz erabiltzen da barnetegiaren egunerokoan. Ez da hizkuntza nagusia. Hala ere, kostata irudikatzen dut euskara naturaltasun maila berean erabiltzea ETB2ko saioetan. Genero ezberdintasuna ere naturala da. Neskek bikinian eguzkia hartzen duten bitartean, mutilak igerilekuan ondo pasatzen ari dira. Areago, arau horretan sartzen ez direnak dira pertsonaia arraroak. Zer esanik ez saioak hedatzen duen balio nagusiari buruz: konpetentzia. Azkenik, ez da saio garestia. Helikopteroz grabatutako irudiak izan ezik, aktore profesional gutxi eta lokalizazio bakarra izateak asko merkatzen du.

Euskal gazteek euren burua identifikatua ikusiko dute saioan, baina ez dugu halakorik behar gure telebista publikoan. Mertxe Mujikak atzo zioen BERRIAn: «Euskaraz bizitzeko aukerak sortu eta hedatu behar ditugu». Baita ETBk ere. Bestelako lan moldeak behar baditugu hizkuntzaren normalizazioan eraginkorragoak izateko, ETB ez da zuzen ari. Euskarari prestigioa emateko kontrako bidea aukeratu du Go!azen saioarekin. Mujikaren hitzei erantsiko nieke ETBk baduela euskararen erabilera eta ezagutzaren hazkundea bat ez etortzeko erruaren zati bat. Halako programek ez dutelako euskararen erabilera indartuko. Garaia da hizkuntza eta ikus-entzunezko politika publikoak bateratzeko. Elkarlanean aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.