Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Mukizapia eskuan

2014ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Gertakari handiek ez diezagutela galarazi gertakari txikiagoak, baina berdin garrantzizkoak, behar bezala aipatzeko aukera. Lekunberri TVk utzi egin gaitu. Edo utzi egin gaituela uste dut behintzat, agur esateko dokumental bat eman baitu. Nahiz eta gero Deus ez da perfektua telesaileko kapitulu berri bat eskaini. Baina nik ulertu dut bukatu dela, ez dutela segituko, galduko dugula telebista kate bat, nahi baino gutxiago jarraitu dudana, baina jarraitu baino gehiago ikustea merezi zuena. Izan dadila zutabe hau akabera hori ez gertatzeko azken saiakera.

Agur esateko dokumentala izan zen hunkigarria. Batetik, 2010eko azaroaren 26an lehen saioa egin zutenetik hona bildutako irudiak pasatzen joan zirelako; bestetik, lau pertsonalitateren hitzak entzun genitzakeen bitartean: Gazte Asanbladako kide bat —telebista katea Tuentin ezagutu zuela aitortzen—, Euskara Zerbitzuko Teknikaria —esanez, tira, telebista katearen lana ondo zegoela, baina aditzera emanez, tira, akaso ez dela berak gustukoen duen telebista eredua—, alkate erdalduna —alkatekeriatan, zertan bestela—, eta Oskar Estanga musikaria. Azken hori «pozik eta harrituta», «kalitatezko programak» egin dituztelako, «ilusioz, fundamentuz, inozentziaz». Estangaren errematea: erakutsi dute «buruarekin eta bihotzarekin gauza asko egin daitezkeela». Eta gauza asko egin dituzte, alajaina. Katearen sintonia gogoangarriak laburbiltzen ditu batzuk: «Astebururo ikusteko aukera, Aner Ansorenarekin batera, elkarrizketak, notiziak, kaletik etxera, erreportaiez gozatzera, momentu on bat pasatzera, zatoz Lekunberri TVra». Ez dugu esan, baina Aner Ansorena da katearen zuzendaria, aurkezlea, ekoizlea, ideologoa, alma materra. Orain katea itxi dutela, etorkizun ezin oparoagoa irudikatzen diot telebistan, ausartuko nintzateke esatera euskal telebista publikoan. Baina ez da gauza bera izango, kostako zaigu Lekunberri TV ahaztea. Barkatzen diegu inoiz edo behin atsuak imitatu izana. Ez dute diruagatik egin gainera: «Zuekin egoteagatik baizik, zuek entretenitzeagatik», bota zigun Ansorenak; «eta kuloinkieto bat naizelako».

Nahi baino gutxiago jarraitu dut. Orain penarekin nago. Uzteko erabakia birpentsatzen duten bitartean, Deus ez da perfektua telesaileko kapitulu berria ikusten jarriko naiz, mukizapia eskuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.