Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Martetik

2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Kaixo, lagun, Martetik. Espero nuen Europako hiriburu batean lurreratuko nintzela, Europako telebista etorkizunaren gaineko kongresu batean parte hartzeko. Hain zuzen, edukien nazioartekotzeaz eta prozesu horrek dakartzan eszeptizismoez eztabaidatzeko. Gaien artean, besteak beste, zerbitzu publikoa, kultura aniztasuna, informazioaren kalitatea, telesailen produkzioa eta identitate eraikuntza izango ziren. Eta dakizunez, Eskoziako eta Hego Euskal Herriko telebisten inguruan aritu behar nintzen. Zehazki, gaelikoz eta euskaraz emititzen duten telebista kateen arteko konparazioaz: BBC Alba eta ETB1, hurrenez hurren. Aurkezpenean saiatu nintzen azaltzen jatorrizko hizkuntzaren erabileraren garrantzia, ikus-entzunezkoen bitartez (Europako) errealitate bakoitzaren errepresentazio etikoa eta estetikoa bermatzeko. Globalizazioaren eraginez bizi dugun kultur homogeneizazioa saihesteko. Unescok berretsi zuen, 2005eko Konbentzioan, kultur adierazpenen aniztasuna giza eskubidea dela. Hizkuntza barne. Saiatu nintzen azaltzen euskaldunontzako, adibidez, euskara izatea identitatearen oinarrizko osagaia dela. Euskaldun hitzak, justuki, euskara dun esan nahi duela.

Hori goizeko saioari dagokionez. Arratsaldez, berriz, Europako telesailen inguruan aritu ginen batik bat. Hainbat herrialdetako kasuez. Etxeko produkzio indibidualez, bai eta herrialdeen arteko koprodukzioez ere. Nagusiki, Erresuma Batuak, Danimarkak eta Suediak elkarrekin finantzatutako telesailez. Horietan erabilitako hizkuntza: ingelesa. Esan zutenez, koprodukzioa egiteko helburua da diru-iturri gehiago lortzea eta bidaiatzea. Berdin dio erabilitako hizkuntzak. Neure buruari galdetu nion orduan: Zer gertatuko litzateke 80 egunean (2010) moduko film batekin hala egingo balitz? Ezingo nuke imajinatu 70 urteko bikote bat, gaur, baserri batean bizitzen eta elkarren artean gazteleraz hitz egiten. Baina, aizu, nahi izanez gero egin dezakezu. Ezta?

Antza, planeta honetan, norberaren barne elkarrizketak entzuteko gai da aldamenekoa. «Areago finantzaketak hala agintzen badu. Telebista kontsumoa gauza etnokulturala baino gehiago da soziala eta komunitate bateko kide sentitu zaitezke hizkuntza edo kultura konpartitu gabe». Jada, etxera itzultzeko gogoa daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.