Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Ispilua

2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Jakingo duzu joan den astean Got Talent telebista saioan euskal musika talde bat izan zela. Ijitoak direla eta Mikel Laboaren Txoria txori kanta eskaini zutela. Gustatu egin zitzaion bertako publikoari, gustatu egin zitzaien epaimahaiko kideei eta emanaldiaren bideoa abiadura ikaragarrian zabaldu da gurean, sare sozialen bidez. Gustatu egin zaio jende askori, eta laudorio ugari jaso dute, Espainian zein gurean. Eta igarri dut harridura moduko bat, poz bat —gutxi batzuei kezkagarria iruditu zaiena— bertakoak izan arren, ijitoak izanda, euskal abesti mitikoak aukeratu eta euskaraz kantatzen dituztelako.

Ni ez nau Sonakay taldearen emanaldiak ezustean harrapatu. Ez, noski, beste inor baino azkarragoa naizelako, ez aztia naizelako. Iaz, zoriz eta zorionez, haien berri izan nuen. Bestela, nik ere joan den astean ezagutuko nituen, eta harritu egingo nintzateke. Baina duela urtebete inguru, goiz batez, ohi bezala, Errenteriako ikastetxe batera joan, eta ikasle batek, pozak txoratzen, eskaileretan harrapatu ninduen. Haren osabak musika talde bat zuela, eta euskaraz abesten zutela esan zidan. Zer abesten zuten galdetu, eta Mikel Laboaren Txoria Txori erantzun zidan, sarean zegoela ikusgai. Klasea hasi orduko lurrean eta borobilean eseri nituen, ikasleak esandakoa kontatu nien, Mikel Laboa nor zen azaldu, haren abestiren bat jarri eta Sonakay taldearen bertsioa entzun genuen. Gustura sentitu nintzen egun hartan. Ondo gogoan dut hori.

Kontuok gogoan nituela, eta Got Talent saioko grabazioa ikusten, gogoeta pare bat etorri zaizkit. Tristatu egin nau urtebete sarean daraman bertsioaren berri—taldearen bideo bat baino gehiago dago bertan— nola izan dugun ohartzeak. Ukatu nahi eta ezin dugun ispilu horretatik etorri zaigu, beste behin, geure buruaren berri. Taldea ez balitz Espainiako telebista kate bateko saiora joan, ziur asko, ez genuen haren berririk izango, gurean emanaldi ugari eskaintzen dituen arren. Bestalde, pentsatzen jarri naiz, ispilu horretan zenbateko presentzia duten euskarak eta euskal kulturak. Esku bakarreko hatzak sobera izan ditut, haiek betetzen saiatuagatik. Horrek esan nahi du zerbait gutaz. Eta asko, ordea, Espainiaz eta bertako telebistaz. Epaimahaiko kideei ere, emanaldi hartara arte, sinesgaitza egiten zitzaien euskara eta flamenkoa nahas zitezkeenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.