EKOGRAFIAK

Penaltia

Miren Manias -

2018ko apirilak 13
Astegun normala izango zen asteartekoa, Juventus eta Real Madril futbol taldeen arteko partidarik izan ez balitz. Berandu eta nekatu samar iritsi nintzen etxera. Zuzenean afaria prestatzen hasi nintzen. Txapeldunen Ligako partida zegoela banekien ere, ez nuen ordenagailurik piztu. Ezta musika entzuteko ere. Uste baino lehenago amaitu nuen, ordea. Hogeita hamar minutu falta ziren final-laurdenetako norgehiagoka amaitzeko. BT Sports zabaldu nuen, harrikoa egin bitartean partida ikusteko. Imajinatuko duzuen bezala, sekulako sorpresa hartu nuen emaitza jakitean: Real Madril 0 - Juventus 3. Italiako taldeak hiru gol eskuratuta, luzapena bultzatuko zuen. Sinetsi ezinda nengoen. Ez dut inor mintzerik nahi, baina gozamena da Real Madrileko jokalari batzuk sufritzen ikustea. Diruarekin ordaindu ezin daitekeen gauza da, partida galtzen ari direla, Cristiano Ronaldo eta Sergio Ramos taldeko jokalariak zelaian ikustea taldekideei aginduak ematen. Etsita. Gaztetatik izan naiz Bartzelonazalea eta Real Madrilen aurkako sentimendua naturala bilakatu da. Partidaren 93. minutuan norabidea aldatuko zuen gertaera jazo zen: epaileak Benatia jokalariak Lucas Vazquezi egindako penaltia adierazi zuen. Alegia, Real Madrilen alde. Aurpegia zuri jarri zitzaidan. Nire goza putzura erori zen. Bat-batean. Saltoka hasi nintzen sukaldean. Baita oihuka ere. Oroitzen dut ordenagailu eramangarriari hitz egin niola pare baten, bidegabekeria salatzeko. Epaileak entzungo balitz bezala. Etsita. Ramosek eta Ronaldok partidaren bat galtzen dutenean bezala. Igual-igual.

Penalti garbia izan zela diote askok. Nik, ordea, zalantzak ditut. Luzapenean, penalti bat? Lapurreta! Hainbat errepikapen ikusi ditut, eta epaileak erabakia hartzeko zaila izan zuela pentsatu nahi dut. Hainbat mediotan irakurri dudanez, Juventus ibili zen finen partida bukatzeko 30 minutu falta ziren arte. Diot nik italiarrek eskuratutako hiru golak horren isla direla. Madrilek gora egin zuen eta horri esker iritsi zen penaltia. Zer esango dizuet, ba, ez da bidezkoa Txapeldunen Ligako azken emaitza jokaldi zehatz batek erabaki behar izatea —are gutxiago, bezperan, zure taldea lehiaketatik kanpo geratu bada—. Minduta ote nagoen? Bai zera, futbolak hori du: mahai jokoetan bezala, zorteak bere tokia du. Zer uste duzue?