Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Erauntsietan egiak galduz

2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Bushek zerbitzu militarra osatu zuen edo ez zehaztea zen gure lana. Inork ez du horretaz hitz egin nahi. Iturrien inguruan hitz egin nahi dute. Faltsutzeez, konspirazio teoriez... Hori baita, gaur egun, historia bat gustatzen ez zaionean jendeak egiten duena. Seinalatu egiten dute; oihu. Zure iritzi edo pentsamendu politikoa eta objektibitatea jartzen dituzte zalantzan, zure gizatasuna. Eta erregu egiten diote jainkoari, egia erauntsi horren baitan galdu dadin. Eta amaitzen denean, hain gogor ostikoz jo zaituztenean eta hain ozen oihu egin dutenean, ez gara gai gakoa zein zen gogoratzeko ereĀ». Igandean ETB2n eman zuten The truth filmeko mezua buruan iltzatuta gelditu zitzaidan. Mary Mapes CBS telebista kate estatubatuarreko ekoizlearen hitzak dira, hain zuzen ere, kaleratuko zuen barne ikerketaren batzordearen aurrean esanak.

AEBetan kokatua dago istorioa, 2004an, eta egiazko gertakarietan oinarritua. Badirudi, George W. Bush bigarrenez aukeratuko dutela presidentetzarako. Mary Mapes CBSko ekoizleak eta Dan Rather aurkezleak bozen norabidea aldatu dezakeen gertakari baten berri izan dute. Itxuraz, Bushek eskura dituen harremanak eta tresnak erabili zituen Vietnamgo gerrara ez joateko. Saio bat eskainiko diote gaiari, izugarrizko iskanbila sortuko da. Ordea, bi protagonistak bihurtuko dira jomugan daudenak. Albistearen benetakotasuna frogatu beharko dute, hedabideen atzean dauden interes politikoei eta ekonomikoei aurre eginez.

Ez dakit goi mailako filma den, baina azkar harrapatu ninduen. Lantzen baitu gaztetan irudikatzen nuen kazetaritza molde utopikoa; egun hain presente dauzkagun interesak, manipulazioa eta zarata mediatikoa; une zailetan gizakien arteko harremanetan sortzen diren arrakalak; arrain handiaren eta txikiaren, David eta Goliathen, borroka eternala; iraganak pertsonengan uzten dituen arrastoen eta haiei ihes egin nahian sortzen ditugun espiralak...

Imajinatzen duzun eran amaitu zen istorioa, filmean eta Mapes eta Ratherren larruan. Eta, badirudi, honetan ere txarrena bakarrik ikasi diogula itsasoaz bestaldeko inperioari. Gurean, gaur, istorioez eta historiaz ari garela, inork hatza zaurian sartuz gero, fokua aldatzen da. Salatzailea salatu, hura epaitu, ostikoz jo eta oihu egin. Erauntsia sortu. Beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.