Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Faraoia

2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Mohamed Salah, 25 urteko egiptoarra. Galdera egin diot neure buruari: izen-abizen, adin eta jatorri hori dituen pertsona, zer testuingurutan ager liteke, gaur egun, telebistan? Izan liteke, adibidez, albistegian. Kontatuko digute Erresuma Batuan bizitza osorako kartzela zigorra ezarri dioten irakaslea dela, erlijio islamiarra irakasten duen bitartean haurrak Londresen atentatuak burutzera bultzatzen dituelako jihadismoaren izenean. Edo Alemaniako telebista publikoan aurkezlea delako, eta bertatik Islama sustatzen duela salatzen dutelako. Edo herrialde bereko haurrentzako kate batean neska gazte alemaniarrak errefuxiatu musulmanekin harremanak izatera bultzatzen dituelako. Edo, rap kantaria izaki, eta Donald Trumpen jarduna salatzeko, AEBetako telebista saioan parte hartzeari uko egin diolako. Edo agertuko da soto ilun bateko arbelean itsatsitako argazkian, edozein film edo telesailetan, mendebaldeko bizimodua arriskuan jartzen ari den ekialdeko gaizkile taldeko kidea delako. Batean ala bestean, pertsona izaera lapurtuko zaio, behar lituzkeen eskubideetatik urrunduta azalduko da, izen-abizen, jatorri, azalaren kolore eta automatikoki egotziko zaion erlijioari lotuta.

Irudimen pixka baten jabe banaizen arren, aipatu berri ditudan adibideak sarean aurkitu ditut. Bilatzailean musulman eta telebista hitzak sartu, eta bi klik egin aurretik agertutako emaitzetatik atera ditut. Iruditu baitzait datu pertsonal horiek dituen mutila, edo antzeko datuak dituen neska, ez ditudala maiz pantailan ikusi, ezpada haien erlijioari ala gure bizimodutik egozten diegun bizimoduari lotutadagoen testuinguruan.

Futbolzalea bazara, jakingo duzu. Mohamed Salah 25 urteko egiptoarra Liverpool futbol taldeko jokalaria da, Faraoi ezizenekoa. Denboraldi honetan Europako lehiaketetan gol gehien sartu duena, hain zuzen ere. Asteartean, Antena3eko Txapeldunen Ligako emanaldian, aurkezleek etengabe loratua eta laudorioz aurkeztua. Futbolaria eta diruduna ez balitz, nekez lortuko zukeen halakorik telebistan.

Bide batez esanda, Liverpool-Erroma partidan, gozamena hartu nuen. Jokoaren ederraz gain, esatari espainiarrek talde espainiarren defentsa sutsurik egin behar ez izateak eragin zuen hori. Esatari huts izateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.