Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Arrautza eta txantxangorria

2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Izango da hater aseezin bat dudala nigan; izango da nostalgia kontserbadoreak beti lerratzen nauela lehenagokoaren alde; edo izango da, besterik gabe, denbora pixka bat behar dudala nire begi-belarrietatik sartzen den hori murtxikatu eta prozesatzeko. Dena delakoa izango da kausa, baina lehenengoz entzun edo ikusten dudan ia ezer ez zait askorik gustatzen. Gertatzen zait, esaterako, musika talde kuttunek single berria kaleratzen duten aldiro. Lehen entzunaldian, ezin kaskarragoa iruditzen zait; bigarrenean, hobetzekoa; bosgarrenean, interesgarria; eta zazpigarrenerako, baliteke lagunei gomendatu izana ere.

Ez da harritzekoa, lehen begi kolpean, ETBren irudi berrituak epel samar utzi izana. Mikel Urmeneta artista iruindarrakKukuxumusuren sortzailea gidatu du eraldaketa, bi bide desberdin jorratuz: zenbait elementu sortzeko bere ohiko marrazki moldeari eutsi dio, eta, bestetik, ETBren logo eta grafismoetarako euskal eskultore klasikoen —Oteiza, Basterretxea, Txillida— tradiziotik edaten duten forma geometrikoak proposatu ditu. Sinbologian bada berritasun deigarri bat: txantxangorriaz ahaztu gabe bada ere, arrautza bera bihurtu dute elementu nagusi.

Halako batean gogoratu dut Publizitate ikasketak egin nituela aspaldi, et,a ziur asko, aldaketa gustua edo inpresioa baino irizpide finagoekin aztertzera behartzen nauela horrek. Noan, bada. Irudia berritzea bera bada nahikoa mezu esanguratsua: aldaketak egin eta agindu ditu ETBk, eta irudi berriak indartuko du inpresio hori. Bi ideia azpimarratu dituzte, gainera: euskal identitatearen berezitasunak kontuan hartzea eta joera unibertsalei adi aritzea. Biak uztartzen ditu Urmenetak, eta gizarteko sektore ia denentzat da, gutxi-asko, erosoa. Irudi aldaketa ez da, horrenbestez, ausartegia; ETBren ohiko ildotik urrunduta ere, ezagunak zaizkigun elementuekin jartzen gaitu parez pare.

Itxura modernizatzeko ahalegin zalantzagarria baino gehiago, iragarpen bat dela pentsatu nahi nuke nik; aldi berri bat biltzeko balioko duen opari-papera. Musika taldeen izenekin gertatzen zaigu: izena beti da txarra, taldea ona bihurtzen den arte. Irudi berri hau ere edukiak egingo du on edo kaskar. Arrautza ikusi dugu jada. Ea txantxangorria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.