gorka julio
IRLEN SAREA

Ezereza

2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Gertatzen ari da, uste baino azkarrago dator. Gune aske bezala ezagutu genuen Internet. Eta horren amaiera hemen da. Amaigabeko historia filmean bezala, ezerezak gutxinaka mundua jaten duen iluntasun hodei ezabatzaile moduko bat balitz bezala, jendarteak inoiz informatzeko, komunikatzeko eta elkarrekin gauzak eraikitzeko aukera, gero eta gehiago kontrolatzera datoz. Albiste faltsuen kontrolaren aitzakiapean, gero eta ohikoagoa da zenbait mezu ezabatzea. Mina zelai bat balitz bezala, hitz ez zuzen bat zapaldu eta aitzakia ilunetan justifikaturik zentsura gero eta ohikoagoa da sare horretan.

Terrorismoarekin erabili duten doktrina sare honetara eta Internetera orokorrean eramaten ari dira. Zibersegurtasunaren aurrekontuak herrialde guztietan gora doaz, ikerketa institutuak, erantzun azkarreko zentruak, egitura militarrak... Etorriko diren erasoetatik babesteko baino, informazio eta komunikazioen kontrolerako diseinatuak daudela dirudi.

Zeinek erabaki behar du albiste bat faltsua den XXI. mendean? Bakoitzaren erabakitze ahalmenari zer nolako espazioa uzten diogu? Operazio psikologikoak gauzatzeko gaitasuna duten agenteekin zer egin? Galdera guztiak pertinenteak dira testuinguru horretan. 2.000 milioi erabiltzailetik gora dituen sare honek, kontrol publikotik eta herritarretik kanpo dagoen horrek, erantzuna zuzenean ematen du, bere politiken arabera.

Facebooken misioa ere aldatu da, 2004an sortu zenetik lehen aldiz. Hasierako misioa, jendeari edukiak partekatzeko aukera ematea, mundua irekiago eta konektatu egitea zen. Orain, aldiz, jendeari komunitateak eraikitzeko aukera eman eta mundua trinkotzea bilatzen omen du. Bidean, irekitasuna galdu du eta zentzua duten komunitateetan parte hartzeko aukera eman nahi omen du Facebookek. Ez dirudi misio txarra, baina nola egingo duen ez dugu guk erabakiko. Bere algoritmoek eta arauek, instrukzio segida horiek, erabakiko dute norekin elkartu, jardun eta zein informazio erakutsi eta ezkutatu. Gero eta zailagoa izango da jende askorengana iristeko mekanismoak zeharkatzea. Alegia, norbaitek OKa ematen ez badio gure mezuari, ez da beharko lukeen bezala hedatuko eta horrek. noski, herritarrek antolatzeko daukagun aukerak ezerezean utziko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.