Josu Ozaita Azpiroz. Antropologoa

«Iruñeko sanferminek badute inauterietako ukitu hori»

'Gaixoa ni' ekitaldiari «itzala egin», eta billabesaren entzierroa da orain sanferminen bukaerako ekitaldia, Ozaitaren ustez. Horregatik ikertu du ekitaldi «transgresore» eta «performatibo» hori.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iker Tubia.
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Sanferminetan hamar egunez, 213 orduz barneratu zen Josu Ozaita Azpiroz antropologoa (Ibarra, Gipuzkoa, 1980), sanferminetako «azken erritua» aztertzeko: billabesaren entzierroa. Haren ikerketaren emaitza UEUk argitaratu du orain liburu batean.

Zer harreman duzu Iruñeko sanferminekin?

Euskaldun askok duguna: urteroko zita kuttuna. Sanferminak jai bereziak dira, eta oso erakargarriak dira. Egitarauak garrantzi gutxi du; kaleak du protagonismoa, eta mundu bat elkartzen da.

Noiz ikusi zenuen lehenbizikoz billabesaren entzierroa?

Albistegietan ikusi nuen, eta urtero ikusten hasi nintzen bideoen bitartez. Lehen aldiz ikerketa egiteko egon nintzen, 2016an.

Zer iruditu zitzaizun? Nola bizi izan zenuen?

Ederra iruditu zitzaidan, herrikoa. Deigarria zitzaidan gaupaseroek egindako erritua delako, eta bihurrikeria hutsaren ideia zabaltzen delako. Baina antropologoek jaiak eta errituak aztertzen ditugunez, seguru nengoen zerbait gehiago zela, ikerketa eginda beste gauza batzuk aterako zirela.

Orduz geroztik, joan zara gehiagotan billabesaren entzierrora?

Bai, beste urte batean joan nintzen, eta desberdina izan zen. Urtero da desberdina. Iaz, adibidez, San Fermin emakumea zen.

Lasterka egin duzu, edo soilik begiratu?

Lasterka egiten dut. Bertan adrenalina txutea sentitzen da. Arriskutsua da, baina erakargarritasun horri ezin diot muzin egin [irriz].

Zerk erakarri zintuen ekitaldi horretatik?

Bertan dugun erritu berezia dela. Antropologoek kanpoko tribuak ikertzeko joera izan zuten, baina hemen ere baditugu halako erritu exotikoak. Entzierroko ibilbidea egiten ehunka gaupasero, txirrindulari bat zezen, mozkorra dagoen santua, tximino bat... Master amaierako lana egin behar nuen, eta, landa lanarekin gozatzen dudanez, sanferminetara joatea erabaki nuen.

Zer metodologia erabili duzu ikerketa egiteko?

Behaketa parte hartzailea eta elkarrizketak. Sanferminetan hamar egunez egotea erabaki nuen, uztailaren 5etik 15era. Txupinazoan, prozesioan, zezenetan... eta batez ere, kalean egon nintzen. Etxera joan eta dena deskribatzen nuen. Alproja naizela pentsatuko du batek baino gehiagok, baina oso zaila da sanferminen barrenean antropologo izatea, parrandaren deabrutxoari ezezkoa esan behar diozulako etengabe. Billabesa entzierroa ez da hainbesterako erokeria, sanferminek badute-eta inauteri ukitu hori.

Esan liteke mozkorraldi bateko txantxa bat zena tradiziozko ekitaldi bilakatu dela?

Bai; uztailaren 15ean, gaupasa eginda zegoen taldetxo bati 08:00etan autobusaren parean entzierroa korritzea okurritu zitzaion 1985. urtean. Orduz geroztik, urtero egin da.

Erritu deitzen ahal zaio billabesaren entzierroari? Edo zer da, zehazki?

Erritua da, errepikatzen den zerbait delako, sanferminak itxi eta aldi berriari hasiera ematen zaiolako, irakinaldi kolektiboa dagoelako eta, baita ere, oso sinbolikoa delako. Performance bat ere badela esango nuke, edo happening bat, zehatzago, hau da, jendearen parte hartzea bilatzen duen manifestazio artistikoa: eguzkia ateratzean altxatzen da oihala, eta denak bilakatzen dira aktore, baita kalean dabilen edozein ere: lanera doazenak, garbitzaileak, banatzaileak...

Nola sortzen dira horrelako errituak?

Erritu bakoitzak bere ibilbidea du, ez baitaude bi erritu berdin, eta bakoitza ere inoiz ez da berdina, beti baitago mugimenduan, aldaketan. Sanferminen kasuan, egia da erritu gehienak momentuko burutazioetatik sortu direla: txupinazoa, Riau-riaua, Gaixoa ni, entzierroa bera... Kalea-alkohola-jendea ekuaziotik sortzen diren krakatekoak halako batean gogoko gertatzen dira, eta tradizio ukiezin bilakatzen. Hala ere, erritu guztiak ez dira modu berean sortzen.

Arazoak ere izan dituzte, errepresioa izan baitzen ekitaldi horren kontra. Azkenean amore eman behar izan zuen UPNk?

Udala ere ia hasieratik izan da eragile, lehen urteetan autobusaren ibilbidea aldatu baitzuen. Urte gogorrak ere izan ditu, Poliziak parte hartu izan duelako. UPN egitasmo hau mozten saiatu da, eskuetatik alde egiten ziolako, eta jakitun zelako sinbolikoki transgresorea dela. Orain, berriz, erritua hustu egiten da, garrantzirik ez zaio ematen ideologia guztietako komunikabideen aldetik. Deigarria da kazeta desberdinek nahiko berdin kontatzea.

Harrigarria bada ere, orain bada entzierro hori ikustera doanik. Zergatik?

Makina bat erritu aspergarriagotara joaten da jendea, eta ez dugu galdetzen zergatik joaten den. Oso berezia eta exotikoa da, emozioak mugitzen ditu, ondo pasatzen da, eta aldarrikapena egiten da: sanferminek herritarrenak izan behar dutela, eta kaleek, jendearenak.

Zer du interesgarri ekitaldi honek? Zer ondorio atera dituzu?

Ondorio nabarmenena da errituak ez direla inoiz huts, beti beteak daudela. Ez dela bihurrikeria soilik, mundu osoan famatu diren jaiak ixteko ekitaldia delako. Esan daiteke Gaixoa ni ekitaldiari itzal egin eta orain billabesaren entzierroarekin amaitzen direla sanferminak. Bestetik, gaupasari egindako omenaldi bat ere bada. Erritu transgresorea da, baita kontserbadorea ere, oso maskulinoa izan delako, nahiz eta azken urteetan mugimenduak badauden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.