Podravka 29. Bera Bera 18

Errealitate gordina

Bera Berak bigarren partida galdu du Txapeldunen Ligako ligaxkan, eta zaila du aurrera egitea

Bera Berako Eli Pinedo, atzo, Podravkaren aurkako partidan. BERA BERA.
Donostia
2013ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Podravka. Milenkovic , Pongrac, Gavranic (2) , Havic (1), Zivkovic (9), Milanovic (4) y Vukojevic —hasierako zazpikoa- Covic (5), Nemaskalo (3), Dragisic (1), Trifunovic (4), Vidak, Poljak, Senvald.

Bera Bera. Temprano, Castro (1), Menéndez (3), Elorza (1), Nuñez, Ana Martínez y Pinedo (7, 2p) —hasierako zazpikoa—Ziarsolo (5, 2p), Arizaga, Ederra, Dunay (1), Arrojeria.

Markagailua. 2-2, 3-3, 6-3, 8-5, 11-6, 14-7 (atsed.); 16-9, 21-11, 24-13, 27-14, 27-17 eta 29-18.

Epailea. Rakytina eta Tkachuk (Ukrania).

Bestelakoak. 1500 ikusle Fran Galovic pabiloian.

Astindu gogorra jaso zuen Bera Berak atzo, Txapeldunen Ligako ligaxkako bigarren jardunaldian. 29-18 galdu zuen Kroazian Podravkaren aurka, eta punturik gabe jarraitzen du Europako txapelketan. Imanol Alvarezen jokalariak ez ziren fin ibili ez erasoan eta ez defentsan, eta etxeko taldeak ondo baliatu zituen huts egite horiek aldea handitzeko.

Hasiera gogorra izan zuen partidak. Lehen minutuetan argi geratu zen zein zen bi taldeen helburua: atzeko lerroak gogor mantendu, eta kontraerasoak golarekin amaitu. Ondorioz, lehen bost minutuetan lau gol besterik ez zen egon (2-2). Baloia alde batetik bestera mugitu zuten bi taldeek, eta minutuek aurrera egin ahala etxekoak haziz joan ziren. Bitartean, Podravkaren defentsan ez zuten zirrikiturik aurkitu donostiarrek. Saiatu saiatu zen Bera Bera, baina erasoan kamuts aritu ziren Alvarezen jokalariak. Ez zen hori izan, dena den, arazo bakarra. Euskal zaleen ezagun zahar batek ere eduki zuen eragina: Mirjana Milenkovic atezaina, Itxakon ibilitakoa. Serbiarra ezin hobeto aritu zen atepean donostiarren jaurtiketak gelditzen. Hura izan zen lehen zatiko jokalari erabakigarrienetako bat.

Hamargarren minututik aurrera, etxekoek olatu harroa harrapatu eta 4-0eko partziala egin zuten segundo gutxian (7-4). Orduantxe hasi zen oreka desagertzen. Bera Berak geroz eta zailtasun handiagoak zituen defentsa lanetan, eta ederki baliatu zuen hori Podravkak. Zivkovicen golek min handia egin zuten lehen zatiko azken minutuetan, eta atsedenaldira 14-7ko emaitzarekin iritsi ziren bi taldeak.

Antzeko itxura eduki zuen partidak bigarren zatian. Eroso irten zen etxeko taldea; Bera Bera, berriz, zazpi goleko desabantaila iraultzeko beharrarekin. Partidaren norantza ikusita, oso zaila; ezinezkoa ia. Lehen bost minutuak igaro bezain laster, Podravkak ihes egin zuen. Zivkovic izan zen, beste behin, erantzule nagusia. Bigarren lerrotik egindako jaurtiketa indartsuak geldiezinak ziren Ana Temprano atezainarentzat. Etxekoen goleatzaileari esker, Podravka 20-11 jarri zen aurretik. Egoera ikusita, Alvarezek hutsartea eskatu zuen «hondoa ez jotzeko». Ezin, ordea, egoera hobetu. Kroaziarrak donostiarrekin nahi bezala jolastu ziren, eta 40. minutuan 27-14 jarri ziren aurretik.

Azken minutuetan emaitza txukundu zuen arren, Bera Berak porrot mingarria jaso zuen. Ez zen donostiarren eguna izan. Erasoan hogei jokalditik gora baino gehiago galdu zituzten, eta hori gutxi balitz, Milenkovicek beste hainbeste baloi geldiarazi zituen atepean. Partidaren atarian, Pinedok ez zuen aitzakiarik nahi: «Gaizki hasi garan defentsan, eta horrelako aurkari baten aurka ezin ditugu huts egite horiek egin. Triste gaude; gure asmoa hobetzen joatea da».

Atzoko porrota ahaztu beharra dute Bera Berako jokalariek, asteazkenean Ohorezko Mailako partida baitute Kordobaren aurka. «Orain burua ligako partidetan eduki behar dugu. Gaurkoa ahaztu beharra dago», adierazi zuen Pinedok. Ligan norgehiagoka guztiak irabazi dituzte Alvararezen jokalariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.