Koronabirusa

Osasun ziurtagiriaren erabilera onetsi du Frantziako Kontseilu Konstituzionalak

Osasun langileak txertatzera behartzearekin ere ados da. Baionan eta Donibane Garazin, kexu

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Frantziako Kontseilu Konstituzionalak atzo trenkatu zuen: osasun ziurtagiria hedatzeko legearen gehiengoak bat egiten du Frantziako Konstituzioarekin. Ipar Euskal Herrian, astelehenetik aitzina hainbat lekutara sartzeko derrigorrezkoa izanen da osasun ziurtagiria aurkeztea. PCR edo antigeno proba negatibo bat, COVID-19aren kutsatze proba bat, edo txertoaren pauta osoaren ziurtagiria beharko dute herritarrek leku horietara sartzeko.

Uztailetik, 50 pertsona baino gehiago biltzen diren lekuetan beharrezkoa da ziurtagiria, baina, astelehenetik aitzina erabilera hedatuko da: ostatuetan, merkataritza guneetan, kultur eta kirol guneetan, eta distantzia handiko trenetan beharko da, besteak beste. Gainera, osasun zentroetara sartzeko ere beharrezkoa izanen da, larrialdiko kasuetan salbu.

Osasun langileen derrigorrezko txertaketa ere konstituzionaltzat jo dute. Abuztuaren 30etik goiti sartuko da indarrean neurria. Kontratu mugagabea duten osasun langileek txertorik jartzen ez badute, ez dute lansaririk eskuratuko, eta, kontratua behin-behinean gelditzen ahalko du enplegatzaileak. Kontratu mugatuan ari diren langileen kasuan, ordea, ezingo dira kontratua bukatu aitzin kanporatuak izan, txertatu gabeak direla argudiatuta: Kontseilu Konstituzionalak atzera bota du neurria, kontratu moten araberako bereizketarik ezin baita egin, horien arabera.

Kontseilu Konstituzionalak, haatik, positibo eman dutenen derrigorrezko bakartzea atzera bota du, «askatasun murrizketa» bat dela argudiatuta. Izan ere, lege proiektuak bakartzea urratzen zuten herritarrak zigortzea ahalbidetu nahi zuen. «Askatasun murrizketarik ezin da egin botere juridikoaren edo botere administratiboaren erabakirik gabe», erran du, ordea, Kontseilu Konstituzionalak. Frantziako lehen ministro Jean Castexek segurtatu du Kontseilu Konstituzionalaren erabakia kontuan hartu zuela Frantziako Gobernuak, eta, positibo eman duten herritarrei beren baitarik bakartzearen garrantzia «oroitarazteaz» arduratuko zela.

Osasun ziurtagiria beharrezkoa den lekuetan, bertako langileen esku izanen da horiek kontrolatzea. Halere, kontseiluak nabarmendu du langileek ez dutela eskubiderik izanen bezeroen nortasun agiriak eskatzeko. Izan ere, Frantziako Poliziak bakarrik izanen du ziurtagiria eta nortasun agiria bat datozen egiaztatzeko boterea. Ziurtagiria kontrolatzen ez dutenek 9.000 euroko isuna eta urtebeteko kartzela zigorra arriskatzen dituzte.

Kezka iturri

Kontseilu Konstituzionalak zehaztu du neurri horiek osasun krisiak irauten duen bitartean baizik ez direla indarreanizanen. Hala, oraingoz, azaroaren 15era arte iraunen dute. Hainbat zalantza eragin ditu lege proiektuak: Frantziako Legebiltzarrak uztailean onarturik ere, hainbat diputatuk Kontseilu Konstituzionalean helegitea ezarri zuten, erabakitzeko askatasuna dudan ezartzen zuelakoan. Jean Castexek ere, Kontseilu Konstituzionalaren aitzinera eraman zuen lege proiektua, neurrien «proportzionaltasuna» egiaztatze aldera.

Aldi berean, osasun ziurtagiriaren eta osasun langileen derrigorrezko txertaketaren kontrako protestek segitzen dute. Udan zehar, ehunka lagun bildu ziren osasun ziurtagiriaren kontrako protestetan, Ipar Euskal Herrian. Protestekin segituko dute: bihar, manifestazioak eginen dituzte Baionan eta Donibane Garazin, neurri horiek salatzeko, norberaren askatasunaren kontrakoak direlakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.