Bera Bera 37-24 Aula Valladolid

Lehen pausoa, sendoa

Bera Berak nagusitasunez irabazi dio Aulari Illunben, eta Atletico Guardesen aurka ariko da gaur, Espainiako Kopako finalerdietan

Malena Cavo Bera Berako jokalaria, jaurtitzear, atzo, Illunben. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Atsedenaldian. 22-14. Golegile nagusiak. Bera Berako Esther Arrojeria eta Laura Hernandez, eta Aulako Danila Patricia Delgado (sei gol).

Super Amara Bera Berak lehen pausoa eman du zazpigarren aldiz Espainiako Kopa irabazteko bidean. Aula Valladolid kanporatuta eman du, eta sendoa izan da, Donostiako taldeak nagusitasunez irabazi baitzion atzo Espainiakoari Illunben, Kopako final-laurdenetan: 37-24.

Lehiak ez du etenik, eta, lehen pausoa eman ondoren, bigarrena ematen saiatuko da gaur. Atletico Guardesen aurka jokatuko du bigarren finalerdian, 18:30ean (RTVE Play). Galiziako taldeak Granollers kanporatu zuen atzo: 31-26. Bera Berak eta Guardesek bitan jokatu dute elkarren aurka sasoi honetan, eta bietan nagusitu da Donostiako taldea: 26-33 Galizian, eta 33-24 Gaskan, duela bi aste. Malagak eta Elxek jokatuko dute beste finalerdia, 16:00etan (Teledeporte). Espainiako taldeak Ro'Casa utzi zuen bidean (26-23), eta Herrialde Katalanetakoak Gijon (26-19).

Lehen partida zaila izan ohi da, eta atzokoa oso berezia zen Bera Berarentzat: Illunben ariko zen aurreneko aldiz, eta inoiz baino zale gehiagoren aurrean, ia 3.000. Faboritoa ere bazen; beraz, inork presioa bazuen, hark zuen. Ikusteko zegoen nola egingo zion aurre horri guztiari.

Baina berehala uxatu zituen zalantza guztiak. Ondo hasi zen Aula (2-3), baina Bera Berak ez zion harrotzen utzi. Defentsan estutu, eta segituan irauli zuen emaitza: 5-3. Elba Alvarezi eta Amaia Gonzalez de Garibayri esker, bisitariek etxekoen lehen oldarraldiari eutsi zioten, eta gai izan ziren nor baino nor gehiago aritzeko: 8-8.

Bera Beraren bigarren oldarraldia 11. minutuan iritsi zen, geroraerabakigarria izan zena. Golak bata bestearen atzetik sartzen hasi ziren donostiarrak. Erakustaldia eman zuten erasoan, eta horren erakusle izan zen jarraian sartutako bederatzi golak bederatzi jokalarik sartu zituztela —hamahiru jokalarik sartu zuten gutxienez gol bat—. Erasoko eraginkortasun harrigarriari, gainera, defentsako sendotasuna gehitu zioten. Ondorioa izan zen ohartu orduko bederatzi golen aldea lortu zutela: 21-12, 27. minutuan. Atsedenaldian, berriz, zortzikoa zen abantaila. Erabakita zegoen partida.

Etenak ez zuen ezer eten. Sei golera gerturatu zen Aula (22-16), baina Bera Berak beste estutu bat eman zuen, eta hamarrera zabaldu zuen aldea: 26-16. Ez zen azkena izan; hurrengoak hamahiru gol gainetik jarri zuen: 37-24. Gozatu egin zuten etxeko jokalariek, eta gozarazi egin zituzten haien zaleak. Festa izan zen Illunben. Nekez izan zezakeen hasiera hoberik Kopak. Ea gaur segida duen.

Asobal liga, gaur

Asobal ligan, Bidasoa Irunek eta Helvetia Anaitasunak gaur jokatuko dituzte 26. jardunaldiko partidak. Irungo (Gipuzkoa) taldearena da erabakigarriena, Granollers jasoko baitu Artalekun (18:30, La Liga Sports). Bi taldeak nor baino nor gehiago ari dira bigarren izateko lehian: egun, Kataluniako taldeak puntu bat gehiago du. Gaur irabaziz gero, Bidasoak aurrea hartuko lioke, eta gol alde hobea izango luke. Galduz gero, aldiz, asko zailduko litzaioke egitekoa. Babesa ez zaio faltako, bete egingo baita Artaleku.

Anaitasunak Antequeran (Espainia) jokatuko du ordu berean. Iruñeko taldeak bolada txarra eten nahi du, galdu egin baititu azken lau partidak. Horren ondorioz, 11. postura jaitsi da. Urrun ditu goiko zein azpiko postuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.