Errusiako Munduko Kopa. Brasil 2-0 Costa Rica

Azkenera arte sufritzen

Coutinhok eta Neymarrek luzapeneko minutuetan sartutako golei esker irabazi du Brasilek, eta eskura du final-zortzirenetan sartzea. Costa Rica Munduko Kopatik at geratu da, porrot eginda

Brasilgo jokalariak, garaipena ospatzen partida amaieran. ANATOLY MALTSEV / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Coutinhok (91. min). 2:0: Neymarrek: (96. min). Epailea. Bojrn Kuipers (Herbehereak). Txartel horiak: Brasileko Neymarri eta Coutinhori; eta Costa Ricako Costari. Bestelakoa: 64.468 ikusle Saint Petesburg estadioan.

Munduko Kopa honetako patua izaten ari da: faboritoek majo sufritu behar dute irabazteko. Atzo hala gertatu zitzaion Brasili. Luzapeneko minutuetan lortu zituzten Coutinhok eta Neymarrek Costa Rica mendean hartzeko bi golak. Horri esker, buruhauste handi bat kendu zuen gainetik. Izan ere, berdinduta, asko zailduko zitzaion final-zortzirenetarako sailkatzea. Azken partidan derrigor irabazi behar zion Serbiari. Irabazita, oso bestelakoa da egoera brasildarrentzat. Lau punturekin, ia eskura dute sailkapena, eta lasaiago heldu ahalko dio multzoko azken partidari. Serbiarekin izango du jokoan multzoko lehen postua. Costa Ricak, berriz, agur esan dio Munduko Kopari, jokatutako bi partidak galdu baititu.

Final batean sartutako gol baten pare ospatu zuten brasildarrek 91. minutuan Coutinhok sartutako gola. Bartzelonako jokalariak Marcelok, Firminok eta Gabriel Jesusek egindako jokaldi bat biribildu zuen area txikian, atzetik lasterka etorrita. Jokalari guztiak kornerrean bildu ziren besarkatuta. Aulkian ere zoramena izan zen nagusi. Tite hautatzaileak lurrean amaitu zuen.

Zama edo sufrimendu bikoitza kendu zuten gainetik gol horri esker, atzoko norgehiagokakoa eta, batez ere, sailkapenekoa. 96. minutuan lasai hartu ahal izan zuten arnasa, Neyarrek bigarrena sartu baitzuen. Aurrelariak ederki baliatu zuen area txikian Douglasen aukerako pasea.

Sufrituta izan arren, merezita irabazi zuen Brasilek, batez ere bigarren zatian mendean izan baitzuen Costa Rica. Defentsa zorrotz batengatik eta Keylor Navasen geldiketa onengatik izan ez balitz, lehenago erabakiko zuen partida Titeren selekzioak. Lehenengoan, ordea, gehiago kostatu zitzaion. Batez ere lehen ordu laurdenean Costa Ricak eduki zuen baloia, eta hamabosgarren minutuan aurretik jartzeko zorian izan zen. Baina Celso Borgesek kanpora errematatu zuen Venegasek eta Gamboak eskuinetik egindako jokaldia.

Horixe izan zen Brasilen iratzargailua, batez ere zelai erditik aurrera. Coutinho, Neymar eta Gabriel Jesus esnatu egin ziren,eta elkarren artean jokaldiak lotzen hasi ziren, eta zuloak topatzen. Hala, lehen abisuak eman zituzten.

Lehen zati horretan, Brasilen aukerarik garbiena Neymarrek izan zuen, 27 minutuan. Baina Keylor Navas ondo atera zen haren aurrean, bakarrik geratzear zela. Kanpoko jaurtiketekin ahalegindu ziren Casemiro eta Coutinho, baina kanpora joan zitzaizkien

Aukerak, hasieratik

Bigarren zatian, hasieratik estutu zuen Brasilek. Titek Douglas Costa zelairatu zuen Williamen ordez, eta hark sakontasun handiagoa eman zion taldeari. Lehen bost minutuetan bi aukera garbi izan zituzten brasildarrek. Douglas Costak berak egindako erdiraketa bat langara bidali zuen buruz Gabriel Jesusek. Aldaratzea Paulinhori iritsi zitzaion. Hark Coitunhori utzi zion, eta errematea defentsa batek aldendu zuen.

Baina Navasek egindako geldiketarik ikusgarriena Neymarri egin zion, 54. minutuan. Aurrelariak erremate on bat egin zuen, eta Keylorrek eskua atera zuen baloia eskuadrara zihoanean. Bigarren zati horretan, Costa Rica apenas gerturatu zen Alisonen atera. Soilik Venegasek eta BolaƱes lotutako pare bat jokalditan.

Brasildarrak urduritzen hasi ziren. Are gehiago 76. minutuan. Epaileak penaltia adierazi zuen,ustez Gonzalezek Neymarri heldu zion area baurran. Baina VARean begiratu, eta baliogabetu egin zuen. Ordutik 91. minutura arte sufrikarioa izan zen Brasilentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.