ALAVES 0 GETAFE 0

Ezin arnasarik hartu oraindik

Alavesek ez du baliatu salbazioa ia lotuta uzteko aukera, Getaferen aurka berdindu baitu etxean. Oso aukera gutxiko neurketa izan da. VAR-ak gol bat baliogabetu die kanpokoei

Alaveseko Joselu, Getafeko atzelarien borrokan, atzoko partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horia Alaveseko Martini,Manuri, Laguardiari eta Elyri; eta Getafeko Cucurellari eta Matari. Bestelakoak. Koronabirusagatik ikuslerik ez Mendizorrotzan.

Sufritzen jarraitu beharko du Alavesek mailari eutsi ahal izateko. Atzo urrats ia erabakigarria egin zezakeen, Mendizorrotzan, Getaferen aurka. Eta eman zuen pauso bat, baina ez behar bezain handia: puntu bakarra urratu zuen. Helburura gerturatzeko balio dio, baina salbazioa eskuetan eduki artean, ez dago bakerik. Behintzat, apur bat indartuta iritsiko da Arabako taldea azken bi jardunaldietara. Duin aritu zen Real Madrilen zelaian, eta atzo, parez pare lehiatu zen Europan sartzeko borrokan bete-betean sartuta dagoen aurkari batekin. Horrekin batera, ale bat zakuratu zuen sei jardunaldiko idortearen ostean.

Bi taldeek zuten asko jokoan, eta, ondorioz, zuhurtzia ausardiaren aurretik jarri zuten. Baloiarekin arriskurik ez hartzen saiatu ziren; edozein zalantzaren aurrean, baloikada bat, eta kito. Berez joko landurik egiten ez duten bi talde dira, eta atzo, presiopean egonik, are gehiago baztertu zituzten apaindurak. Latz izerditu behar zen metro eta baloi bakoitza irabazteko. Futbol zelaia mina zelai bihurtuta, lan oso nekeza izan zen aurkariaren areara iritsi, eta taxuzko gol aukerak sortzea.

Lehen zatian, bakar bat ere ez zuen izan Alavesek. Ezker hegaletik saiatu zen batez ere aitzinerat egiten, Marinen igoeren bidez. Ordea, apenas izan zuen sakontasunik. Faltaz egin zituen erdiraketa gehienak, eta Lucasen bidalketek ez zuten errematatzailerik aurkitu. Kontraerasoetan, berriz, Edgar behin eta berriz gelditu zen jokoz kanpo. Getafek ere ez zuen beste munduko ezer egin, baina gehiago eta hobeto hurbildu zen arabarren areara. Hala, oso gertu izan zuen lehen gola atsedenaren aurretik. Bizkarrez, Molinak ondo utzi zion baloia Cucurellari, eta zutoinarekin egin zuen topo hegalekoaren eskuinkadak.

Bi taldeak apur bat erasokorrago agertu ziren aldageletatik bueltan. Lehenik, Getafe kontrako arearen inguruan paratu zen, eta zenbait erdiraketa egin zituen. Haatik, sendo agertu zen Alaves, eta aurrera egiten hasi zen pixkanaka. Abagune garbia izan zuen 62. minutuan, Lucasen eskutik. Edgar ondo borrokatu zen baloi luze bategatik, eta ate aurrean bakarrik utzi zuen aurrelari galiziarra. Halakoak barrura bidaliko zituzkeen orain dela hilabete batzuk, baina atzo ez zen hala izan; Cabacok bikain moztu zuen.

Lasaitua VARari esker

Arabarrek maiz kritikatu izan dute VAR sistema, baina atzo, hari eskerrak irten ziren onik. 86. minutua zen, eta aulkitik ateratako Durok gol ikusgarria sartu zuen, zutoinean jotako baloi bat jaso eta gero. Atzelariek Mataren eskua eskatu zuten, baina epaileak ez zuen adierazi. Harik eta errepikapena ikusteko esan zioten arte. Ez zuen zalantzarik izan, eta baliogabetu egin zuen gola. Lasaitu ederra hartu zuten gasteiztarrek. Luze jo zuen luzapenak bederatzi minutukoa izan zen, eta ireki egin zen lehia. Alavesek, ordea, ez zuen salbazioa emango ziokeen gola aurkitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.