Athletic 1-0 Bartzelona

Beste behin ere miraria egin du

Athletic Espainiako Kopako finalerdietan da, luzapenean Williamsek sartutako gol bati esker. Emozio eta Intentsitate handiko partida izan da San Mamesen jokatutakoa

Williams erdian, ezker eskuin Busquets eta Ansu Fati inguruan dituela. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Williamsek (94. min).. Epailea. Martinez Munuera. Txartelak Athleticeko Yerayri, Dani Garciari eta Vesgari eta Bartzelonako Semedori, Albari,Piqueri Messirim eta De Jongi. Bestelakoak San Mames bete egin da, eta giro aparta izan da

Beste behin miraria egin du Athleticek, eta Espainiako Kopako finalerdietan da, atzo 94. minutuan Williamsek Ibai Gomezen erdiraketa bat sarera bidali eta gero. Festa handia izan zen San Mamesen. Hobea izan zen Bartzelona, baina zoria alde izan zuen Athleticek, aurreko bi kanporaketetan bezala. Haiek penaltietan gainditu zituen Gaizka Garitanoren taldeak. Ligan gertatu bezala, berriro ere miraria egin du. Orduan Aduriz izan zen. Atzo Williams.

Gau handia izan zen San Mamesen. Baina partida ez zen ona izan. Athleticek ondo hasi zuen lehia, presioa ondo eginez. Baina lehen aukera garbia Bartzelonak izan zuen, 7. minutuan, Ansu Fatiren oinetan. AthleticSaiatu zen hegaletatik min egiten, eta arriskua sortzen. Hortik iritsi zen korner bat, eta Williamsek gola egin zuen. Baina epaileak baliogabe utzi zuen, aurrelaria jokoz kanpo zegoelako (10. min.). Pixkanaka Bartzelona partidaren kontrola hartzen joan zen. Athleticek distantzia gero eta handiagoa zuen atzelarien eta zelai erdiko jokalarien artean, eta hori baliatu egin zuen Quique Setienen taldeak, baloia pazientziaz mugitu etapartida lantzen joateko. Racitic, De Jong eta Busquets hirukoa nagusi zen, baina sakontasunik gabe hortik aurrera, gol aukerak sortzeko. Unai Lopezena gerturatu baziren, gehiago izan zen Athleticeko atzelariek egindako hutsengatik. Zuri-gorriak adorez eta bultzaka iristen ziren Ter Stegenen areara, erdiraketa eta baloi luzeen bidez, Raul Garcia eta Williams bilatuz. Tentsio handiko partida izan zen lehen zati horretako azken txanpan, baina erritmo motelekoa. Bi taldeek zekiten zer zuten jokoan. Eta hala iritsi zen atsedenaldia.

Bigarren zatian Athleticek hauspoa behar zuen lehen zatian egindako presioari eusteko. Lehenengoaren bidetik hasi zen. Bizkaitarrak ahalegindu ziren lerro artean zuloak topatzen, baina ezin, Bartzelona ondo aritu baitzen defentsan. Harrigarria bada ere, blaugranak hobeto aritu ziren defentsan, erasoan baino. Quique Setieni kostatzen ari zaio bere jokatzeko era ezartzea, eta atzo beste behin ikusi zen. Messik baino ez zion jarri erritmoa baloiari, eta ondoren, atera zenean, Griezmmanek. Hark egindako jokaldi batean, ondo eman zion baloia De Jongi. Ondo errematatu zuen erdilariak, baina berriro ere gelditu ona egin zuen Unai Simonek. Ondoren, frantziarrak aukera garbia huts egin zuen. Baloi argia jaso zuen area erdian, eta bigun errematatu zuen (70. min.).

Hala igaro zen lehen ordu laurdena. Athletic ez zen gai erasoan jokaldiak lotzeko, eta Williamsen korrikaldiek baino ez zioten ematen hauspoa. Izan ere, gainerako taldekideak behera egiten hasi ziren minutuak aurrera egin ahala. Ez zen harritzeko, egindako ahalegin fisikoa eta gero.

Luzapena gertu zela, gola egiteko aukera izan zuen Williamsek. Baina ez zuen asmatu. Ematen zuen partida luzapenera zihoala. Baina orduan iritsi zen gola eta zoramena San Mamesen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.