jakes goikoetxea
Zientzia. ANALISIA

Aho estuko inbutua

2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Judit Muñoz Matuteri egindako elkarrizketa dago lerro hauen ondoko zutabeetan. Matematikaria. Saritua. BCAMen, Euskal Herrian matematika ikertzeko sortutako goi mailako zentroan, ikertzaile. Matematika aplikatuei buruzko munduko instituturik onenetakoarekin lanean. Ikertzaile bikaina, beraz.

Hiru urteko beka bati esker jarraitzen du bere ikertzaile ibilbidean. Bekari eta, jakina, neurrigabeko ilusioari eta lanari esker. Hiru urte horiek eta gero, zer? Auskalo. Beste beka bat lortzea da perspektiba. Eta gero beste bat. Horixe da orriotan astean behin agertzen diren ikertzaile batzuen patua. Orriotan agertzen ez diren dozenaka ikertzailerena.

Behin-behineko ikertzaile izatetik gutxieneko egonkortasuna lortzera pasatzeko, aho oso estua duen inbutu batetik igaro behar baita. Askok hasten dute ikertzaile ibilbidea, baina gutxi batzuek lortzen dute ikertzaile izatea. Bateren batek pentsa dezake hori guztia modu naturalean gertatzen dela, eta erakusten duela sistemak benetan funtzionatzen duela, onenek jarraitu ahal dutelako.

Sistema horrek, baina, talentu asko uzten du kanpoan. Aukera gutxiegi eskaintzen dizkielako ikertzaile izan nahi duten eta ikertzaile izateko balio duten askori. Eta inbutuaren ahoaren estutasuna ez da berezko zerbait, erabaki politikoen ondorioa baizik. Ikerkuntzari eskaini beharreko garrantziak eta baliabideek baldintzatua. Hitzezko estrategikotasunetik, ekintzezko errealitatera.

Unibertsitate ikasketak, titulua, masterren bat, master bukaerako lana, tesia, tesia egiten ari diren ikertzaileak, doktoretza ondoko ikertzaileak... Beka bat, gero beste bat. Bekak bukatu arte eta, kasurik onenean, ikertzaile postu egonkor samarren bat lortu arte, 40 urteren bueltan. Eta ikertzaileek bizitzak eta bizimoduak ere—ikerkuntzatik kanpo geratzen zaien apur hori— beken arabera antolatu behar dituzte.

Bide batez: noiz arte da ikertzaile bat gaztea? Zeren, ikertzaileen kasuan, eta ez da kasualitatea, haien gaztetasuna, adinari baino gehiago, haien lan baldintzei eta prekaritateari lotzen zaio. Horrela, kasu askotan ikertzaile gaztetzat hartzen dira 30 urteak aspaldi pasatu dituztenak ere.

Zientziak, ikerkuntzak, denbora eta pazientzia behar ditu. Luzera begirako ikerketak izaten baitira gehienetan. Zer esan oinarrizko ikerketaz. Baliabideak behar dira, beraz. Eta baliabideen artean sartzen da ikertzaileentzako gutxieneko egonkortasuna. Gutxienekoa bai, baina ez gutxieneko lan baldintzekin.

Ikerkuntzan jarraitu nahi duela dio Judit Muñoz Matutek elkarrizketan. Ez daukala B planik. Auskalo zer gertatuko den haren ikertzaile ibilbidearekin; baina aukera gehiago eta baldintza hobeak eskaini beharko litzaizkieke ikerkuntza haien bizitzako A plan gisa aukeratzen dutenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.