EAJ eta PDeCAT batera aurkeztuko dira Europako hauteskundeetara

Hori iragarri du alderdi katalaneko presidente David Bonvehik. EAJk esan du albistea konfirmatzen bada laster hasiko direla negoziatzen

David Bonvehi, herenegun, Belgikan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
gotzon hermosilla
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Rac1 Kataluniako irratiari emandako elkarrizketa batean, PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalaneko presidente David Bonvehik iragarri du maiatzean egitekoak diren Europako hauteskundeetara EAJrekin batera aurkeztea erabaki dutela. Hortaz, aurreko hauteskundeetako koalizioa eratuko dute berriro ere. 2014an, EAJ eta CiU —horren oinordekoa da PDeCAT— batera aurkeztu ziren Europako hauteskundeetara; Convergencia-ko Ramon Tremosa izan zen zerrendaburua, eta Izaskun Bilbao jeltzalea, berriz, bigarrena.

EAJk BERRIAri azaldu dionez, atzo eguerdian oraindik ez zeukaten PDeCATen erabakiaren baieztapenik, baina gogorarazi dute haien asmoa beti izan dela 2014ko koalizioa berriro egitea, eta zain zeuden nazionalista katalanek noiz erabakiko hauteskundeetara aurkezteko erabili beharreko moldea. Izan ere, PDeCAT JxCat koalizioko kidea da, eta, era berean, alderdiko kide ugari parte hartzen ari da Crida Nacional per la Republica mugimendua eratzeko prozesuan.

EAJk bazuen CxG Compromiso por Galicia eta CC Coalicion Canariaren baiezkoa koalizioa osatzeko, eta PDeCAt-en baiezkoa konfirmatzen bada —«eta horrela izan dadila da gure nahia», esan du EAJk—, laster hasiko dira programaz eta zerrendaz haiekin hitz egiten. Elkarrizketan, Bonvehik berretsi du ari direla beste alderdi nazionalista batzuk koaliziora bildu nahian.

Turullen hautagaitza

Nacio Digital agerkari kataluniarraren arabera, Jordi Turull Generalitateko Lehendakaritza kontseilari ohiak bere burua eskaini dio PDeCATi hauteskunde koalizio horretako hautagai izateko. Egun, preso dago Turull, Espainiako Auzitegi Gorenak urtarrilaren amaieran abiaraziko duen epaiketaren zain, eta, beraz, hautagai izateko aukeratua izango balitz, bere kasuan kanpainaurreak bat egingo luke Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketarekin.

Turullen hautagaitzaz ere galdetu diote David Bonvehiri irratian egindako elkarrizketan. PDeCATeko presidenteak esan du Turull «hautagai egokia» izango litzatekeela, baina gogorarazi du hautagaiak alderdikideek aukeratzen dituztela hauteskunde primarioetan, eta Turullek ere bere burua aurkeztu beharko lukeela barne hauteskunde horietara hautagai izan ahal izateko. Prozesu horri otsailean ekingo diote PDeCATekoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.