Eusko Label Liga

Azkar eta ondo, Orio hegan

Orio izan da azkarrena Eusko Label ligako bosgarren jardunaldian, Coruñako Banderako lehen jardunaldian. Banderaren lehian, Santurtzi du lau segundora, eta besteak hamar segundo atzetik

Orioko trainerua, ahalegin betean, atzo, Coruñan jokatutako Eusko Label ligako estropadan. EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Bost estropada jokatu dituzte Eusko Label ligan, eta hirutan traineru bera izan da azkarrena: Orio du izena, eta usoak hegan bezala, azkar eta ondo dabil. Hirugarren garaipena atzo lortu zuen, Coruñan (Galizia), hangoestropadako lehen jardunaldian, eta bandera irabazteko aukera gehien dauzka. Gaur eguerdian (12:00, ETB1) erabakiko da hori, atzoko eremu berean.

Ohorezko txandan aritu zen Jon Salsamendiren kuadrilla, bigarren kaletik zela. Aurrenekotik Santurtzi joan zen, Zierbena hirugarrenetik, eta Hondarribia laugarrenetik. Eguraldi eta itsaso onak izan zituzten arratsalde osoan, eta azkeneko txandakoek hobeak, haizeak asko egin zuelako behera lau traineru hauek lehian jartzerako.

Hasi eta buka menderatu zuen estropada Oriok, aurreneko txanpan Zierbenak muturra sartu bazion ere. Sekulako konfiantzarekin daude Orioko arraunlariak, eta segurtasun ikusgarriarekin lehiatzen dabiltza. Badakite onena egiteko gai direnean ia menderaezinak direla, eta hori bezain garrantzitsua dena eta konfiantzaren berri ematen duena beste hau da: badakite onena emango dutela. Bost jardunaldi jokatu, eta azkarrena izan ez den bi egunetan bigarren egin duela esatea hiru garaipenen esparrua nabarmentzeko datua da.

Aurreneko ziabogan, estu ziren gauzak, Zierbena segundo batera zuelako Oriok, eta Hondarribia eta Santurtzi bira eta hirura, hurrenez hurren. Bigarren luzean zabaldu zizkien aldeak, eta pusketa hori erabakigarria izan zen gero. Konfiantza kilo oparoei bere burua aurrean nabarmen samar ikustea gehitzen bazaio, edozein talde da geldiezin, eta lana biribiltzeko zorian ibili zen atzo ere Orio. Bigarren ziabogan, seina segundo atzetik utzita zeuzkan Santurtzi eta Zierbena, eta zortzira zuen Hondarribia. Txanda traineru barruan zuen, ondo landuta eta hobeto gordeta.

Beste estropada erdian, Santurtzik bakarrik erakutsi zizkion hortzak, eta azken luzean izan zen hori. Hirugarren ziabogan bigarrengoan zuen alde bera zegoelako bi taldeen artean: sei segundo. Lehiatik kanpo erabat Hondarribia eta Zierbena zeuden, bederatzi eta hamar segundora, hurrenez hurren. Azkeneko luzea baino ez zen geratzen, eta orduan ikusi zuen gertu Oriok Santurtzi, hiru segundora ere jarri baitzitzaion. Baina horrek ez zion burua galarazi lehen postuan zen taldeari, eta, gainera, azkeneko metroetan, beste segundo bat sartu zion. 4,06 segundoren aldea egon zen bien artean, eta Hondarribia 11,40ra sartu zen bitartean, Zierbenak 16,36 galdu zituen. Bandera irabazi balute bezala ospatu zuten garaipena Orioren traineruak, eta, ziurrenik, ligari egindako beste hozkada bategatik izango zen. Sendo baita buruan Orio, bederatzi punturen aldearekin Santurtzi eta Hondarribiarekiko.

Urdaibai, ohorezko txandan

Eguneko beste txandetan, deigarriena, eta ez espero ez zelako, Urdaibairen susperraldia izan zen. Aurtengo ligako emaitzarik onena lortu zuen atzo, hain gustukoa duen eremuan —aurreko hiru aldietan, garaile izan zen —: laugarren bukatu zuen. Ondorioz, gaur, ohorezko txandan joango da Joseba Fernandezen taldea, eta eman du aurrerapausoa.

Bigarren txanda menderatu zuen, lehen luzean Donostiarra segundo bat aurretik zuen arren. Bigarrenean, bederatzi atera zizkion, bukaeran helmugan izandako alde bera. Gaur lau onenen artean aritzea nahi zuen taldeak, eta lortu zuen. Bandera urrutitxo geratu zaio, baina, Oriok 15,20 segundo atera zizkiolako.

Tarte txikiagoa egon zen aurreneko txandako hiru talderen artean, San Pedro, Astillero eta Isuntza hamar segundoan sartu zirelako. Orain, atzealdean, San Pedrok Isuntza harrapatu du hamargarren lekuan, eta Astillero hirura daukate. Hiru horiek baino dezente azkarrago bukatu zuen Ondarroak, aise nagusitu zelako txanda horretan. Lan on horri esker, bigarren txandako Kaiku pasa zuen, eta gaur bigarren txandan ariko da. Ezin, baina, Cabori aurrea hartu, bigarren txandako hirugarrenari; lan aparta egin zuten atzo galiziarrek, Donostiarratik bost segundora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.