Arrauna

Zaplaztekoari, ostikada

Hondarribiak bigarren bandera irabazi du aurtengo Eusko Label ligan, Orion, eta azkar bizkortu da Gipuzkoako Txapelketan jaso zuen kolpetik. Orio bigarren izan da, eta sendo jarraitzen du ligan

Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Hondarribiak bere onena ematen duen estropadetan maila ikusgarria lortzen du. Atzo ere hori erakutsi zuen, eta azkarrena izan zen Orion, Eusko Label ligako bederatzigarren jardunaldian. Menderatu egin zituen txandakideak, hamar segundo baino gehiago aterata hirurei: 11,96 atera zizkion etxeko taldeari, 12, 52 Santurtziri, eta 18,30 Zierbenari.

Bigarren bandera du aurtengo ligan, eta hirugarren aldiz lortu du lehen postua: Santanderren, Coruñan eta atzo. Garaipenaren gozoari beste zapore gozo bat ere gehitu zion atzo, gainera. Bazebilen azkeneko hiru estropadetan eskas antzean, ohiko jardunetik aparte, eta ez emaitzei bakarrik dagokionez. Edo ez zebilen, arrauneko esamoldea hona ekarriz, trainerua ez zihoan, eta hiru estropada horietatik kolperik handiena asteazkenean hartu zuen, Gipuzkoako Txapelketan. Oriok egurra eman zion, hamar segundoko zaplaztekoa, A eta B ontziko arraunlariak nahastuz, eta behar zuen Hondarribiak susperraldia. Baina nahi izatea eta ahal izatea bat etortzea ez da erraza izaten. Hala ere, Hondarribiak lortu du nahia eta ahala traineruan sartzea, eta erakustaldia eman zuen atzo. Ostikada eman dio asteazkenekoari.

Aldaketak egin zituen Mikel Orbañanosek, eta esanguratsuak. Besteak beste, Julen Castrillon kontrankean jarri zuen, ababorretik, eta Beñat Egiazu traineruan aurrera bota zuen, laugarren tostara, Xabier Etxebeste bosgarrenean jarriz. Manex Aldai ipini zuen hirugarrenean. Traineruaren alde berean izateko, dantza handia zen, eta, Santanderren egin zuen bezala, ezin esan Orbañanosi asmatu ez zuenik.

Lehen luzean, Orioren itzalpean joan zen, hala ere, Ama Guadalupekoa. Etxeko taldea suaren pare atera zen. Bazirudien iazko garaipena berriz lortzeko moduan izango zela, nahiz eta estropadaren hiru laurden falta. Ziabogan, bi segundo sartuak zizkion Hondarribiari, hiru Santurtziri eta bost Zierbenari. Bigarren luzean aldatu zen estropadaren ordura arteko joera, eta horretan eragin handia izan zuen Hondarribiak berean segi izanak, atzetik zenean. Ohiko arraunkera luzearekin eta patxadatsuarekin traineruari nabigazio doitua ezarriz, buruan jarri zen, eta horrela joan zen bukatu arte.

Hirugarren kaletik ziren garaileak, aurrenekotik Santurtzi, Orio bigarrenean, eta Zierbena laugarrenean. Olatuxka zebilen, motza, haizea ez zen handia, eta albotik bezala sartzen zitzaien itsasoa traineruei. Estropada teknikoa zen, arraunean ondo egitea eskatzen duten horietakoa, eta horretan zebilen Orbañanosen taldea. Bigarren ziabogan, lau segundo atzetik zeukan Orio, zortzira Santurtzi eta hamarrera Zierbena.

Hirugarren luzean zabaldu egin zizkien aldeak, eta Oriori, atzetik gertuen zeukanari, bederatziko koska atera zion hirugarren ziabogan. Azkeneko zatian,bigarren posturako lehia estutu zen, baina Oriok eutsi egin zion Santurtziren erasoari. Ordurako, banderaren jabe zen Hondarribia. Sailkapenean, Oriok, sendo, 11 puntuko koska ateratzen dio Hondarribiari.

Donostiarra, hirugarren

Atzo lan bikaina egin zuen bestea Donostiarra izan zen. Bigarren txanda erakustaldia emanda menderatu zuen, Urdaibairi zortzi segundo aterata, eta hirugarren bukatu zuen sailkapenean. Hondarribia bezala, hirugarren kaletik ibili zen Donostiako taldea. Gaur ohorezko txandan ariko da, Sestaoko estropadan (12:00, ETB1). Atzean, San Pedrok berdindu egin du Astillerorekin, azken lekuan. Lehen txandan, bigarren izan ziren pasaitarrak, Ondarroaren atzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.