Koronabirusa

COVID-19aren familia argazkiak

SARS-CoV-2 ez da koronabirus bakarra, ezta azken urteetako pandemia bakarra ere. XXI. mendean beste hainbat izurriteri egin die aurre munduak: SARS, MERS eta H1N1 motako gripea dira horietako batzuk.

Ion Orzaiz.
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Fenomeno berria da Wuhanen (Txina)azaleratutakoSARS-CoV-2 koronabirusa. Duela hiru hilabete pasatxo atzeman zuten, 2019ko abenduan. Horrek ez du esan nahi, ordea, jatorri ezezagunekoa denik, edo haren inguruko informazioa eskasa denik. Hilabeteotan, birusaren genoma osoa deszifratu dute zientzialariek, eta informazio baliagarria eskuratu: zer beste birusekin duen antzik handiena, esate baterako.

Koronabirusena familia handia da, berez. Askok animaliei gaixotasunen bat eragiten diete; gizakiak ere kutsatzeko gai direnak, berriz, gutxi dira: zazpi baino ez. Zazpi horietatik lau (HCoV-229E, HCoV-OC43, HCoV-NL63 eta HCoV-HKU1) oso ohikoak dira, eta, besteak beste, hotzeria arrunta eragin dezakete. Gainerako hirurak, berriz, azken bi hamarkadetan agertu dira: SARS-CoV, MERS-CoV eta SARS-CoV-2, orain hedatzen ari dena. Koronabirus zaharragoen kasuetan ez bezala, giza gorputzak ez du garatu horiei aurre egiteko gaitasunik.

COVID-19 gaitza eragiten duen koronabirusa, berez, 2002ko SARS-CoV haren aldaera bat da. SARS edo arnas sindrome akutu larriarena izan zen XXI. mendeko lehen pandemia. 2002ko azaroan antzeman zituzten lehen kasuak, Txinako Guangdong probintzian. Handik, 30 herrialde baino gehiagora zabaldu zen. Ez zen COVID-19a bezain kutsakorra izan [8.442 kasu ofizial erregistratu zituzten mundu osoan], baina 800 pertsona inguru hil ziren gaitz horren ondorioz. Hilgarritasun tasa %11koa izan zuen.

Txinako Gobernuak berandu eman zuen arazoaren berri, gaitza detektatu eta zenbait hilabetera, eta pandemiaren larritasuna gutxietsi zuen, gizartean izua ez zabaltzeko. Gobernuak barkamena eskatu zuen horregatik, eta arduradunetako asko kargugabetu zituen, kudeaketa txarragatik. COVID-19aren kasuan, oker horiek zuzentzeko ahalegina egin du Pekinek, koronabirusaren berri bizkor emanda, segurtasun neurri zorrotzagoak ezarrita eta birusaren sekuentzia genetikoak OME Osasunaren Mundu Erakundearen esku jarrita.

2004an erregistratu zituzten SARS gaitzaren azken kasuak, berrogeialdi gogor baten ostean. Hala ere, litekeena da birusa aktibo egotea saguzarretan eta beste animalia batzuetan. Horregatik, hainbat adituk Txinari eskatu diote animalia azokak debekatzeko, birusen iturri direlakoan.

2012an antzeman zuten SARSen beste aldaera bat: MERS, Ekialde Hurbileko arnas sindromea. Genetikoki, MERS-CoV birusak antz handia du SARS-CoV eta SARS-CoV-2rekin. Birusa gutxiago hedatu zen —2.500 kasu, mundu osoan—, baina hilgarritasun tasa handiagoa izan zuen: %34,5. 850 hildako eragin zituen. Hilgarritasun handi horrek zaildu zuen gaixotasuna gehiago hedatzea, kutsatutako pertsona hilda, birusak mugatu egiten baitu zabaltzeko gaitasuna.

H1N1 gripea

H1N1 gripea ere arnas aparatuko infekzio larria da. Normalean, txerriek eta hegaztiek pairatzen dute A motako gripe hori, baina 2009an gizakiak ere kutsatu zituen birusak, eta, hilabete gutxiren buruan, pandemia bihurtu zen. Infekzioaren sorburua Mexikon eta AEBetan egon zen. 2009 eta 2010 artean, 60,8 milioi kasu eta 12.500 heriotza eragin zituen H1N1 gripeak, AEBetako Osasun Departamentuaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.