Arrauna

Harrobia eta lana uztartuz

Getariak KAE 1 liga laugarrenez irabazi du, eta herritarren «berotasuna» jaso dute txapeldunek.«Harro» sentitzen da Ion Larrañaga prestatzailea.

Getariako arraunlariak, herenegun, KAE 1 liga irabazi berritan, Bilbon. JOSU ZELAIARAN.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Liga bat irabazteak meritua badu, meritu bikoitza du herriko jendearekin loria dastatzeak. Bada, balentria hori lortu zuen Getariak joan den igandean, KAE 1 ligako azken estropadan, Bilbon: ligako txapeldunak izan ziren. Esperantza ontziko arraunlariek bost bandera irabazi dituzte denboraldia honetan, eta ia arraunlari guztiak harrobikoak dira, hiru izan ezik. Ion Larrañaga Getariako entrenatzailea«harro» sentitzen da: «Herriko jendearekin estropada bat edo bi irabaztea handia iruditzen bazaigu, zer esanik ez liga bat».

Lorpen hura erdietsi eta gero, Getariako herritarrek harrera beroa egin zieten arraunlariei: «Jende asko zegoen, eta ilusio handia antzematen zen herrian», dio Larrañagak. Izan ere, prestatzaileak uste du Getaria bezalako herri txiki batean herriko arraunlariek bandera astintzen dutela ikusteak herria «elkartzen» duela. Herritarrek ez ezik, arraunlariek ere emozioak pil-pilean zituzten: «Gurasoak, senitartekoak eta kuadrillakoak ikusteak hunkitzen zaitu. Azken batean, gertuko pertsonak dira», nabarmendu du Esperantza ontziko entrenatzaileak.

Larrañagak 2019ko denboraldian hartu zuen Getariako taldea zuzentzeko ardura, eta soilik herriko arraunlariak zeuden taldean: «Lanean hasteko, hori bakarrik zegoen, eta hortik hasi behar genuen». Gainera, Getariako klubak ez zituen beste talde batzuek zituzten diru sarrerak; fitxaketak egiteko ez zuten nahiko diru. Beraz, lortutako liga hiru urte hauen «saria» dela azpimarratu du getariarrak.

Eskuratu berri duten ligaz galdetuta, entrenatzaileak aitortu du inondik inora ere ez zuela espero liga irabaztea: «Kaikuk, Pedreñak eta bizpahiru talde gehiagok jende asko mugitzen dute, eta arraunlari oso onak dituzte. Horiekin lehian ibili nahi genuen, eta ilusioa eta gogoa ez genituen falta. Azken bi sasoietan hirugarren izan gara, eta gutxienez hori lortzea zen helburua. Halere, hortik lehenengo izatera pauso handia da, eta, antza denez, ondo egin ditugu gauzak».

Ondo bakarrik ez, bikain ere atera zaio apustua Getariako taldeari, eta zailena ere erdietsi dute: erregulartasunari eustea. Hori lortzeko, lana funtsezkoa izan da Getariako prestatzailearentzat. «Lanean jarraituta, eta gure arraunketan sinistuta lortzen da erregulartasuna. Guk bagenekien zer ari ginen egiten ondo, eta zer gaizki. Estropadaz estropada ikasiz joan gara, eta ikasketa horiek baliatu ditugu».

Begia, Kontxako Banderan

KAE 1 liga irabazita, Eusko Label ligara igotzeko kanporaketak jokatuko dituzte Bizkaian: irailaren 18an, Bermeon, eta irailaren 19an, Portugaleten. Bost ontzi arituko dira nor baino nor gehiago: KAE 1 ligatik, Getaria eta Kaiku; Meira eta Bueu Galiziako ligatik; eta Eusko Label ligako azken-bigarren sailkatua —litekeena da Tiran izatea—. Horietatik bik lortuko dute datorren denboraldian gorengo mailan aritzea.

Larrañagak ez du izan «astia» horretan pentsatzeko, eta gehitu du «egun hauek ospatzeko hartu» dituela. Haatik, gogorarazi du Eusko Label ligara igotzeko kanporaketak baino lehen Kontxako Banderako sailkapena dutela. Donostiako bandera preziatuan du jarria jomuga getariarrak: «Badakigu arraunlari guztientzat Kontxako Banderak zer esan nahi duen; festa handia da, eta denoi gustatzen zaigu ondo aritzea». Horretaz gain, Donostiako estropadaren xedea zein den ere azpimarratu du: «Ia ezinezkoa izango da hor [Kontxako Banderan] sartzea, baina daukagun guztia emango dugu, eta ikusiko dugu zer-nolako maila daukagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.