Airean dago Argentinaren aurkako partida

Erredakzioa
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Gizonezkoen euskal selekzioaren eta Argentinaren arteko futbol partida ez da segurua. Asteazkenean Euskadiko Futbol Federazioak jakinarazi zuen partida bat adostu zuela Argentinako federazioarekin, eta urriaren 13an jokatuko zela, San Mamesen. Baina BERRIAk baieztatu ahal izan duenez gorabeherak sortu dira, eta federazioa horiek bideratzen ahalegintzen ari da Argentinako Federazioarekin eta partida negoziatu zuten bitartekariekin. Baina ordu honetan ez dago segurtasunik, eta airean dago partida hori.

Argentina adiskidantzazko partida jokatzekoa da urrian Dortmunden, Alemaniaren aurka, eta Europan beste partida bat jokatu nahi zuela aprobetxatuz sortu zen aukera. Baina argentinarrek ez dute Bilborako bidaia ofizial egin, eta urriaren 13ko partida hori hitzartu duten bitartekariekin arazoren bat sortu dela ematen du. Inplikatutako aldeek ez dute zehaztu zein den egoera.

Euskal selekzioak maiatzaren 30ean jokatu zuen azkenekoz, Panamaren aurka; 0-0 egin zuen. Selekzioak aro modernoko 34. partida izan zuen hura, eta Javier Clementek taldea zuzendu zuen lehen norgehiagoka ere izan zen. Joan den urteko abenduaren 12an, Euskadiko Futbol Federazioak bide berri bat urratu zuen, nazioarteko (FIFA) eta Europako (UEFA) federazioei eskubide osoko kide gisa onartzeko eskatu zienean. Ordutik ez da berri gehiago zabaldu urrats horren inguruan, baina Argentinaren aurkako partida bat jokatzeak bultzada emango lioke selekzioaren asmoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.