«Ez nuen zalantza egin»

Dani Garciak aurkezpenean esan du behin Eibarren zikloa amaitu zuela erabakita Athleticera joatea zela gerta zekiokeen onena

Dani Garcia, elastiko zuri-gorria soinean duela, atzo, San Mamesen, aurkezpena egin ondoren. LUIS TEJIDO / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Dani Garciak atzo jantzi zuen lehen aldiz Athleticen elastikoa. Ilusioz egin zuen. «Ametsa zen Lehen Mailan jokatzea, eta Athleticen aritzea beste bat gehiago». Ilusioa bai, baina ardura ere bai. «Badakit asko arriskatzen dudala hona etorrita, baina gustuko ditut erronkak, eta Athleticen dagoen exijentziak mesede egingo dit. Klub handi batera nator, eta Eibarren baino gehiago eskatuko didate. Europarako sailkatzea da helburua hemen, eta erronka horrek erakarri egiten nau».

Zalantzarik txikiena ere ez zuen izan Athleticek eskaintza egin zionean. «Iazko udan familiarekin eta ordezkariarekin hitz egin ostean erabaki nuen amaitu zela nire zikloa Eibarren, eta taldea aldatzea izango zela onena. Behin hori erabakita, sarri galdetu nion nire ordezkariari ea Athleticek ni fitxatzeko interesa azaldu zuen. Ezetz esan zidanean desilusioa hartu nuen. Baina esan zidanean deitu egin ziotela sekulako poza hartu nuen. Gerta zekidakeen onena zen Athleticera etortzea».

«Abendu-urtarrilean» jakinarazi zion erabakia Eibarri, eta eskatu zien ezer ez esatea. «Amaiari [Amaia Gorostiza Eibarreko presidentea] eta Frani [Fran Garagarza kirol zuzendaria] eskertu behar diet ezer ez esan izana. Nire erabakia ulertu dute, eta babesa eman didate. Gogorra izan da horrenbeste denboran sekretua gorde behar izatea».

«Defentsarako erdilari taktikotzat» jo zuen bere burua, eta oreka eman dezakeela azaldu. Zelai erdian, euskarrian jokatzen du Dani Garciak, eta, hain zuzen, sasoi honetan zelai erdian aritu direnei kritika zorrotzak egin dizkiete. «Lerro horrek sekulako emaitzak izan ditu azken urteetan, eta hari esker sailkatu da taldea Europarako. Lehia handia dago, eta horrek on egingo dit ikusteko noraino irits naitekeen. Baina ni ez naiz taldearen salbatzailea».

Dani Garciak Josu Urrutia izan zuen ondoan. Presidenteari galdetu zioten ea jokalari gehiago fitxatuko dituzten, eta Urrutiak azaldu zuen «prest» daudela fitxatzeko, baina bakarrik «taldea hobetu dezaketenak» izango direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.