Zurkaiztu beharrean

Sasoia amaitzeko hiru partida falta direla, Reala datorren denboraldiari begira jartzeko moduan da. Donostiarrek zenbait aldaketa izango dituzte taldean; haien artean daude hainbat jokalariren joan-etorriak.

Jon Ander De la Hoz.
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun

Amaitzen ari da 2018-2019ko sasoia; gorabeheratsua izan da Realarentzat. Proiektu berri bat hasi zuen iazko uztailean, Asier Garitanoren esanetara, eta porrot eginda zegoen abendurako. Imanol Alguacilek hartu zuen Bergarakoaren lekua, eta, ondo hasi bazuen ere, txuri-urdinek beherantz egin dute azken hilabeteetan.

Hala, jokalariek zelaian jarraitzen dute, baina donostiarrek bidea zabaldu diote hausnarketari: ezarritako helburuak bete diren, datorren urterako zer jokalari mota behar dituzten, daudenetatik zeini berritu behar zaion kontratua... Zenbait aldaketa izango ditu datorren urteko Realak, eta talde berria zurkaizten hasiak dira agintari txuri-urdinak.

Matematikak aurkakoa dioen arren, liga amaitzeko hiru partidaren faltan Europako postuetarako sailkatzea ia miraria da Realarentzat. Zortzi puntura du Valentzia, seigarren sailkatua, eta azken hilabetean txuri-urdinak ez dira gai izan alde hori murrizteko. Alabaina, puntuez harago doa kezka. Joera eskasa darama taldeak: otsailetik bolada txar batean sartuta daude txuri-urdinak, eta iragan igandean Getaferi irabazi aurretik, hamar partidatik bakarra irabazi zuten, Betisen aurka (2-1). Aurrez, Imanol Alguacilen etorrerak suspertu egin zuen taldea, baina taldearen joko hutsalak ez dio aterik zabaltzen esperantzari. Getaferen aurka erakutsitako gosearen falta izan dute aurreko partidetan, eta horrek zigortu egin ditu sailkapenean.

Imanolek adierazi du taldeak aukera duen artean saiatu egingo dela Europako postuak erdiesten, baina egoera erreala bestelakoa da. Hala, litekeena da prestatzaile oriotarrak hurrengo sasoian taldean jarraituko dutenen aldeko apustua egitea datozen jardunaldietan.

Oraingoz, Imanolekin bat

Sasoi honetan, bi entrenatzaile eduki ditu Realak: Asier Garitano eta Imanol Alguacil. Lehena fitxatu zutenean, Jokin Aperribai presidenteak eta Roberto Olabe kirol zuzendariak «epe luzerako proiektua» zela adierazi zuten. Asmoa argia zen: Garitanorekin egin nahi zuten etorkizuneko bidea, eta horretarako denbora beharko zuen entrenatzaile bergararrak. Alabaina, ibilbide motza izan zuen Garitanok. Abenduaren 21ean, taldeak Alavesen aurka galdu zuen, eta Realeko zuzendaritzak kalera bota zuen.

Etxean bertan aurkitu zuten irtenbidea. Aurreko sasoian egin bezala, agintari txuri-urdinek Imanol berriz igo zuten Reala B-tik. Ondo hasi zuen bigarren aldia ere; taldeak gora egin zuen, eta Europako postuetara gerturatu zen. Horrek indartu egin zuen oriotarraren figura.

Gerora izandako beherakadak, baina, taldearen inguruko zalantzak sortzeaz gain, eragina izan zuen Imanolen irudian. Hala ere, Aperribaik azkar batean adierazi du prestatzailearengan duten konfiantza. David Zurutuzaren kontratua berritzearen osteko prentsa agerraldian esan zuenez, Realaren kirol arloa gidatzeko «pertsonarik onenak» dira Imanol eta Olabe. Entrenatzaileak 2020ko ekainera arte du kontratua, eta, gaur-gaurkoz, hura betetzea da klubaren asmoa.

Datorren urteko sasoiari begira dago Reala, eta horretan pisu handia dute kontratu berritzeek. Lanak azkar egin nahi izan ditu Realak. Sasoia amaitu aurretik, lau jokalariri luzatu die kontratua. Haetako bat David Zurutuza da; Realean beste urte bat egitea erabaki du erdilariak. Garrantzi handia du taldean, eta belaunaldi aldaketarako garrantzitsutzat jotzen dute. Gazteei bidea zabaltzeaz arduratuko den jokalaria da Zurutuza, eta hor kokatzen da erabakia. Raul Navas da kontratua luzatu duen beste jokalari beteranoa. Espainiarra urtebete gehiago ariko da Realean, 2021. urtera arte. Ondo jokatu du osasuntsu egon denetan, eta hori baloratu egin du klubak.

Aihen Muñozen berritzeak bestelako esanahi bat du. Etorkizuneko jokalaria izatea nahi du klubak, eta, lehen taldean aurten estreinatu den arren, dagoeneko egin du lekua hamaikakoan. 2022. urtera arte sinatu du atzelari nafarrak. Halaber, iristear da Joseba Zalduaren berritzea ere. Aietekoari aurten amaituko zaio kontratua, eta litekeena da 2023ra arte luzatzea.

Aldaketa giroa

Itxura berria izango du datorren denboraldiko Realak. Esaterako, sasoi honetan aritu diren zenbait jokalari ez dira taldean izango datorren urtean; adibidez, Sandro Ramirezen eta Theo Hernandez. Bi jokalariak utzita ari dira, eta Realak ez du egonaldia luzatzeko saiakerarik egingo.

Bestalde, azken urteetan Donostian izan diren jokalari batzuek ere utz lezakete taldea. Betis Juanmi Jimenez fitxatzear da, eta Hector Moreno Estatu Batuetan aritu liteke datorren sasoian. Halaber, baliteke atezainetako batek Reala uztea, eta ikusteke dago Adnan Januzajekin zer gertatuko den.

Etorrerei dagokienez, klubak Modibo Sagnan fitxatu du, eta badirudi lotuta duela Alex Remiro. Joandakoak ordezteko beste jokalari batzuk ekar ditzake Realak, eta azken orduetan indar handia hartu du Borja Mayoralen izenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.