Hauteskundeak

Espainiako Gorteetarako botoak posta bidez eman daitezke ja

Uztailaren 13a izango da posta bidez botoa emateko azken eguna. Correosen bidez egin beharko da eskaria, bulegoetan edo sarean

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek eman zuen herenegun ezusteko albistea: Espainiako Gorteetarako hauteskundeak uztailaren 23an egingo dituzte. Udazkenean egitekoak ziren arren, uda betean aukeratu beharko dituzte herritarrek Nafarroatik, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik aurkeztuko diren diputatuak eta senatariak. Baliteke herritar asko erroldatuta dauden udalerrietan ez egotea uztailaren 23an, baina horrek ez du esan nahi ezingo dutenik bozkatu. Atzotik, posta bidezko botoa eskatzeko aukera dute herritarrek. Epea uztailaren 13an amaituko da.

Posta bidezko botoa eskatu ahal izateko, herritarrek Correosen, Espainiako posta zerbitzuaren, bulegoetan egin beharko dute eskaria, nortasun agiria, pasaportea edo gidabaimena erakutsita. Correosen webgunean eskatzeko aukera ere izango dute, nortasun agiri elektronikoarekin identifikatuta. Gero, Correosek eskaria Hauteskunde Erroldaren Bulegoari bidaliko dio, eta hura izango da datu guztiak zuzen daudela berrikusiko duena. Are, bulego horrek idatziz adieraziko du eskaria egin nahi duen pertsonak posta bidez bozkatu nahi duela, eta, ondorioz, herritar horrek ezingo du uztailaren 23an aurrez aurre botoa eman.

Datu guztiak zuzen badaude, eskaria egin eta egun batzuetara eskaria egin duenari etxera postaz bidaliko dizkiote botoa emateko behar dituen dokumentu guztiak: boto paperak, gutun azalak, errolda agiria eta bozkatzeko dagokion hauteskunde mahaiaren helbidea duen gutun azala —hor sartuko ditu boto paperak eta agiria—. Eskaria egin duenak postariaren eskutik jaso behar ditu agiri horiek; bestela, Correosen bulegoetara joan behar du. Gainera, dokumentu horiek jaso dituela ziurtatuz, agiri bat sinatu beharko du.

Behin botoa erabakita, bere hauteskunde mahaiaren helbidea duen gutun azalean sartu beharko ditu boto paperak, eta Correosen bulegoetatik bidali. Uztailaren 19a izango da hori egiteko azken eguna.

Hauteskunde mahaia

Posta bidez bozkatu izanak ez du esan nahi pertsona horri ez zaiola egokituko hauteskunde mahai batean egotea. Hala ere, hauteskunde egunean erroldatutako udalerritik kanpo oporretan egotekoak diren pertsonek, hauteskunde mahaian egotea egokituz gero, alegazio bat aurkeztu ahalko diote dagokien hauteskunde batzordeari. Lolekuaren edota garraioen —trenaren, hegazkinaren...— erreserba bidali beharko diete kaltetuek, eta batzordeak erabakiko du salbuesteko arrazoi nahikoa den edo ez. Uztailaren 1erako jakinaraziko dituzte mahaien zozketaren emaitzak.

Uztailaren 23ko hauteskundeetan bi boto kutxa egongo dira hauteskunde mahaietan: diputatuak aukeratzekoa, eta senatariena. Hego Euskal Herriari dagokio Diputatuen Kongresuko 23 diputatu aukeratzea: lau Araban, zortzi Bizkaian, sei Gipuzkoan eta bost Nafarroan. Senatuari dagokionez, hamasei senatari izango dira Hego Euskal Herrikoak; herrialde bakoitzeko lau.

Hauteskunde kanpaina uztailaren 7ko gauerdian hasiko da, eta 21ean amaituko da, hauteskunde eguna baino bi egun lehenago, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.