Izortze Santin.
ARGI ALDIAN

Hiru gurasodun haurrak

2015eko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Otsailean Britainia Handiko Komunen Ganberak hiru gurasoren material genetikoa erabiltzen duen laguntza bidezko ugalketaren erabilera baimendu zuen. Teknika horren helburua mitokondriari loturiko gaixotasunen transmisioa saihestea da, eta, horretarako, gurasoen DNA emakume emaile baten mitokondriarekin konbinatzen da enbrioia sortzeko. Mitokondriak amengandik heredatu eta gorputzeko zelulek behar duten energia ekoizten duten organuluak dira. Nukleoan dagoen DNAz gain, mitokondriek berezko material genetikoa dute, pertsonen ezaugarri fisikoetan eta nortasunean eraginik ez duena. Mitokondriaren DNAn ematen diren mutazioek horren funtzio akastuna eragiten dute, zelulek behar duten energia ekoizpena baldintzatuz, eta mitokondriari loturiko gaixotasunak eraginez. Teknikaren bidez, amaren mitokondria akastuna kendu eta emakume-emaile baten mitokondria osasuntsua barneratzen zaio obuluari, gero aitaren espermatozoidearekin ernaltzen delarik. Horrela, sortutako enbrioiak bi gurasoen material genetikoaz gain, emailearen mitokondriako DNA osasuntsua edukiko du.

Baimenak arazo etiko eta sozialak ekar ditzake. Teknika horren bidez soilik mitokondrietako DNA manipulatzen bada ere, zeinek bermatzen du horrek epe luzera osasun-arazoak ez dituela ekarriko? Zenbait ikertzaileren arabera, mitokondriaren aktibitatea gurasoengatik jasotako geneek ere kontrolatzen dute, eta gerta daiteke gene horiek kodetutako proteinak eta emakume-emailetik jasotako mitokondria bateragarriak ez izatea, mitokondriaren disfuntzioa eraginez. Bestalde, ikertzaile askoren iritziz, lege hau norbere gustura diseinatutako haurtxoak garatzeko lehen pausoa izan daiteke, pauso zinez arriskutsua, nire uste apalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.