Lehiakorrago izateko

Donostiarrako emakumezkoen trainerua Maialen Arrazolak zuzenduko du, eta San Juango talde historikoko bederatzi kide berriz elkartuko dira

Maialen Arrazola erdian, Donostiarrako beste teknikarien artean. J. C. R. / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Donostiarrak atzo arratsaldean aurkeztu zituen datorren denboraldiko hiru traineruetako entrenatzaileak eta berritasunak, eta bada bat oso handia: Maialen Arrazola arduratuko da emakumezkoen taldeaz. Alboan izango du Jose Ramon Mendizabal historikoa, Arrazolak berak hala eskatuta. Prestatzaile berriak duela bi denboraldi utzi zuen arrauna, San Juango aro oparoaren beste katebegi bat ezarri eta gero. Orain, bere hiriko taldean murgilduko da, baina ez zaio arrotza egingo: «Denboraldi honetako prestakuntza garaian, hiru hilabetez taldea osatzeko laguntzen ibili nintzen, arraunean».

Alberto Lopezen zuzendaritza saiatu izan da Arrazola lotzen aurreko urteetan ere, eta azkeneanlortu du. Ez da bakarra izango, gainera, San Juan loriatsu hartatik bederatzi arraunlari batuko baitira egitasmo honetan: Arrazola bera —arraunean ere egingo du—, Irati Larrañaga, Ioana Alijostes, Maria Mendizabal, Oihana Cereijo eta Andrea Oubiña izango dira berriak, eta taldean daude lehendik Inder Paredes, Laura Goldarazena eta Irene Arbeo.

«Lehiakorragoak izan nahi dugu», adierazi zuen Lopez presidenteak, «lehen egindakoa hobetuz, eta horregatik jo dugu Maialenengana». Arraunlari eta entrenatzaileak ondo ezagutzen du taldea: «Oro har gazteak dira, eta horiei laguntzera datoz nik San Juandik hain ondo ezagutzen ditudan arraunlariak. Azken batean, gazteak arraunlari handiak bihurtzea nahi dugu». Taldea bi arraunlarik bakarrik utzi dute: Belen Garciak eta Nagore Arrutik.

A traineruan, sei berritasun

Gizonezkoen talde nagusian ere izango da aurpegi berririk datorren denboraldian. Entrenatzailearen kasuan ez, Igor Makazagak laugarren sasoia beteko baitu. Arraunlari berriak, aldiz, sei izango dira: Mikel Iradi (B taldekoa), Iban Verdugo eta Iñaki Urtubia (Ondarroa), Endika Lopez (Hondarribia), Joseba Larrarte (Zierbena) eta Iñaki Arrieta —taldera itzuliko da—. Zazpigarren bat ere izango da, Koxme Burutaran aulki mugikorreko arraunlaria tostako arraunean hasiko delako. Hutsuneak ere badaude, Ibon Basterretxeak, Alain Osanbelak (Hondarribia), Iñigo Collazok eta Hegoi Intxauspek taldea utziko baitute.

Makazagak nabarmendu zuen «oinarri sendoa» duen taldea daukala esku artean: «Tren hau gero eta azkarrago doa, eta ardura sentitzen dugu gauzak ondo egiteko. Uste dut gero eta gertuago gaudela gauza handiak egiteko. Talde berria aurtengoa baino orekatuagoa da, osoagoa».

Makazagak gertu izango ditu B taldeko arraunlariak, aurten KAE 1 ligan dotore ibili direnak. Intxauspek zuzenduko du taldea, Rufo Urtizbereak ezin baitu segitu lan kontuengatik. Hala ere, behe mailetan egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.