Kordoba 0-2 Reala

Azkena, bere kontura

Realak Kordoba kanporatu du Espainiako Kopan, Willian Joseren bi golekin. Okerrik izan ezean, Wolverhamptonera joango da utzita

Willian Jose baloia zartatzen, Realaren bigarren gola sartzeko, atzo Kordoban. SALAS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Kordoba. Frias; Robles, Farrando, Molina, Espeso; Traore(De las Cuevas, 64.min), Del Moral; Moutinho (Redondo, 82. min.), Mario Ortiz, Oiartzun (Valverde, 50. min.), eta Willy (Piovaccari, 5. min.')

Reala. Remiro; Zaldua, Aritz (Le Normand ,68. min.), Sagnan (Zubeldia, 78. min.), Aihen; Zubimendi, Illarramend (Guridi, 45. min.), Roberto Lopez (Oiartzabal, 67. min.); Barrenetxea (Gebara, 84. min.), Merquelanz; eta Willian Jose.
Golak. 0-1. Willian Josek (56. min.); 0-2 Willian Josek (84. min). Epaile. Cuadra Fernandez. Txartel horiak: Kordobako Molinari; eta Realeko Illarramendiri eta Aiheni. Txartel gorriak: Kordobako Del Morali.

Willian Josek bere sinadura idatziz amaitu du Realean egin duen ibilia. Oker handirik ezean, aurrelari brasildarra Ingalaterrako Wolverhampton taldean ariko da utzita aurrerantzean, eta agur ezin hobea egin dio talde txuri-urdinari: Espainiako Kopan haren bi goli esker egin zuten aurrera atzo. Kordobari 0-2 irabazi zieten.

Erasoko jokalariak bere bizkar hartu zuen agurreko lehia. Lehen zati eskas baten ostean, Willian Joseren bi golek sailkatu zuten Reala final-zortzirenetarako. Baloia sareratzean ospakizun handirik egin ez bazuen ere brasildarrak, bere erako eskertza egin du aurrelariak.

Izan ere, haren ekarpenik gabe lanak izango zituzten txuri-urdinek. Bi maila beherago ari den talde bat menderatzeko astunegi aritu zen, eta bi joaldi baliatu zituen Kordobaren amarauna zulatzeko.

Neurketari ekiteko, zenbait aldaketa egin zituen Imanol Alguacil prestatzaileak. Asier Illarramendi hasieratik aritzea izan zen horietako bat; mutrikuarrak urte eta erdi egin du norgehiagokarik jokatu gabe, eta atzo hasieratik aritu zen, kapitain gisara aritu ere. Huraxe izan zen iluntzeko lehendabiziko poza Donostiako taldearen zaleentzat. Aritz Elustondo izan zen bigarrena; azken asteetako arazo fisikoak gaindituta, soropilean izan zen beasaindarra ere.

Harrobiko bi jokalari horiez gain, aulkian denbora gehiago igaro dituzten zenbait jokalari zelairatu zituen Imanolek, Kopan bederen minutuak izan ditzaten: Modibo Sagnanen, Ander Barrenetxearen, Roberto Lopezen eta Martin Merquelanzen kasua izan zen.

Haiek, ordea, ez zuten lortu jokatzeko grina hori erakustea. Apaletik ekin zioten bi taldeek, elkar zainduz, eta kosta egin zitzaien arerioari min egitea. Kordobak erosoago jokatu zuen lehendabiziko zatia. Neurria hartu zion Realari, eta Pablo Alfaroren taldeak erasoan abagune gutxi izan bazituen ere, lortu zuen txuri-urdinak bere areatik urrun egotea. Bigarren zatiaren esperoan, egoera hori balekoa zen etxekoentzat.

Alegrantzia horrek ez zien gehiegi iraun, ordea. Realak gaitasun tekniko handiagoa baliatu zuen golak sartu eta hurrengo kanporaketarako sailkatzeko. Lopezek 56. minutuan erdiraketa ona egin zuen ezker zangoarekin, eta Willian Josek sarera bideratu zuen baloia.

Ordutik aurrera, partidaren kudeaketan aritu zen Reala. Imanolek aldaketa batzuk egin arren, ordea, aurrelari brasildarrak bere bigarren gola sartu zuen 84. minutuan. Agur kutsuko zartakoa eman zion baloiari eskuineko zangoaz.

Lau txapelketa begiz jota

Sasoi honetako Kopari, aurreko denboraldikoari, ligari eta Europa Ligari begira dira orain txuri-urdinak. Lehiaketa multzo horretan pozak biltzen segitzeko asmoz, Donostiako kluba Sevillako Carlos Fernandez aurrelaria fitxatzear dago, Willian Jose ordezkatzeko. Halaber, azken orduetan harrabotsa sortu du Martin Odegaarden itzulera posibleak. Biak lotu nahian ari da zuzendaritza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.