Pinar Karsiyaka 85-76 Retabet Bilbo Basket

Beste kontu batzuetara

Bilbo Basketek galdu egin du Turkian, eta Txapeldunen Ligatik at geratu da. ACB ligan izango du orain arreta osoa; badu beharra

Amath M'Baye Pinar Karsiyakako jokalaria, saskiratzear, Goran Huskic aurrean duela, atzo. FIBA.
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Pinar Karsiyaka. Sonsirma (3), Kennedy (1) Taylor (13), M'Baye (23), Morgan (20)— hasierako bostekoa—; Henry (5), Bitim (6), Erden (3), Yildirim, Agva (8) eta Birsen (3).
Retabet Bilbo Basket. Rouselle (3), Brown (12), Reyes (14), Miniotas (6), Balvin (13)—hasierako bostekoa—; Huskic (6), Jenkins (10), Kljajic (10), Kulboka (2),Dos Anjos, Betolaza eta Txakon.
Markagailua. 20-19, 44-30 (atsedenaldian);71-46 eta 85-76.
Epaileak. Rosso, Ciulin eta Zurapovic. Ez zuten inor kanporatu.

Kito. Bukatu da Retabet Bilbo Basketen ibilia Txapeldunen Ligan. Estreinako labur eta eskasa izan da: laburra, ez baita gai izan lehen ligaxka gainditzeko; eta eskasa, partida gehienetan nahi eta ezinean aritu baita. Egiten ari den sasoi txarraren isla besterik ez da izan.

Bigarren ligaxkarako sailkatzeko, Bizkaiko taldeak gutxienez bederatzi punturen aldeaz irabazi beharra zuen atzo, Izmirren (Turkian), Pinar Karsiyakaren aurka. Miribillan talde haren kontra 72-81 galdu izanaren ondorioa zen. Erronka oso zaila zen. Turkiako taldeak Bilbon erakutsi zuen talde indartsua dela, eta etxean, logikaz, are eta aurkari indartsuagoa izango zen. Hori gutxi ez, eta konfiantzaz gainezka ariko zen: azken zazpi partidak irabaziak zituen, Turkiako Liga eta Txapeldunen Liga aintzat hartuta. Sekulako aldea zegoen Bilbo Basketekin konparatuta: bakarra irabazia zuen azkeneko zazpi neurketetatik, eta azkenekoan, astindu galanta jaso zuen, etxean Zaragozaren aurka 23 puntugatik galduta. Alde handiegia zegoen.

Eta alde hori kantxan islatu zen. Denboraldi honetan sarritan gertatu bezala, Bilbo Basket txukun aritu zen lehen laurdenean, baina gero, behera egin zuen nabarmen. Aurretik zen bigarren laurdenaren hasieran (20-21), baina Pinar Karsiyakak hamalau puntu zizkion jarraian, eta partida hautsi zuen: 34-21. Morgan izan zen bizkaitarren borreroa minutu horietan: hamasei puntu sartu zituen lehen zatian. Bakarkako lan bikain horri, gainera, etxekoek defentsan emandako aurrerapausoa gehitu zitzaion: 11 puntu baino ez zituen sartu Bilbo Basketek bigarren laurdenean.

Amaieran txukundu zuen

Atsedenaldian, hamalau puntu zen aurretik etxeko taldea: 44-30. Akabo bilbotarren sailkatzeko itxaropenak, eta turkiarrak nola ari ziren ikusita, baita irabaztekoak ere. Ahal den emaitzarik duinena lortzea bilakatu zen helburua. Lortu zuten, etxekoek besoak jaitsi baitzituzten azken laurdenean. 25 puntu goitik ziren (71-46), eta azkenean, bederatzikoa izan zen aldea: 85-76.

Neurketa amaieran, burumakur ziren Bilbo Basketeko kideak. Momentuko etsipena izan beharko luke. Kolpea da, baina ACB liga da lehentasuna, eta horretan gora egin beharrean dira, azken-aurreanak baitira sailkapenean. Txarrenari onena bilatuta, Europan agur esanak balioko die ligan arreta osoa izateko. Behar dute.

TD Systems Baskoniak ere suspertu beharra du, atzo laugarren norgehiagoka galdu baitzuen jarraian Euroligan: 83-77, Villeurbenneren pistan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.