Athleticek aisa irabazi du, Sporting hamarrekin gelditu ondoren

Huelvako taldeak penalti bat huts egin du partidaren hasieran, eta, epaileak jokalari bat egotzi ondotik, hiru gol sartu dizkio Athleticek

Lucia Garciak denboraldiko bosgarren gola sartu zuen atzo. ANA ESCOBAR / EFE.
mikel rodriguez
2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Haizeak gogor jo zuen atzo Spoting Huelvaren zelaian. Athleticek ufada bortitzak aurka izan zituen lehenbiziko zatian, eta jokoan ederki nabaritu zuen hori. Izan ere, ia zati osoan nagusiki Sportingeko jokalarien oinetan egon zen baloia, eta zuri-gorriek ordu erdi behar izan zuten lehenbiziko jaurtiketa egiteko. Hala ere, metaforikoki haizea alde izan zuen Athleticek, bi jokaldi erabakigarrik partidaren norabidea guztiz aldatu baitzuten: Sportingek penalti bat huts egin zuen partidaren hasieran, eta lehenbiziko zatiaren hondarrean, berriz, hamar jokalarirekin gelditu zen. Eta zuri-gorriek ezin hobeki baliatu zuten zori hori. Azkenerako, 0 eta 3, norgehiagoka eroso batean. Urtea ezin hobeki bukatu dute bizkaitarrek, laugarren postuan, sailkapeneko goiko aldean egonkortuta.

Partida gaizki hasiko zela zirudien, Sporting Huelvak ongi baliatu baitzuen haizearen abantaila, eta zortzigarren minuturako penalti bat alde izan baitzuen. Hala ere, Yoko Tanaka Sportingeko jokalariak zutoinera jaurti zuen penaltia. Aukera gehiago izan zituzten espainiarrek, baina Andrea Legina Athleticeko atezainak hiru geldiketa on egin zituen. Estreinako partida ezin hobea egin zuen Leginak, atea hutsean mantentzea lortuta. Partidaren norabidea erabaki zuen kaleratzea 40. minutuan gertatu zen, eta, handik bortzera, aldageletara joan aitzinetik, Erika Vazquezek 0 eta 1ekoa sartu zuen, Ane Azkonaren erdiraketa bat errematatuta.

Azkona izan zen atzo partidako protagonista handietako bat, bigarren goleko jokaldia ere harena izan baitzen. Kasu horretan, hark egindako erdiraketa pasatzen utzi zuen Erikak, Lucia Garciak egin zezan azken errematea. Hagitz eroso jokatu zuen Athleticek bigarren zatian, eta Yulema Corresek borobildu zuen emaitza, 78. minutuan Andrea Sierraren erdiraketa bat errematatuta.

Reala, partida jokatu gabe

Reala, berriz, Galiziako Deportivo Abancaren zelaian jokatzekoa zen atzo, baina Espainiako Federazioak bezperan bertan behera utzi zuen norgehiagoka, Galiziako Gobernuak ezarri zuen alerta meteorologikoaren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.