Darussafaka 80-75 Kirolbet Baskonia

Hanka sartze galanta

Baskoniak oso lehia txarra jokatu du Istanbulen, eta galdu egin du Darussafaka azken sailkatuaren aurka. Bederatzigarren da orain

Julen Etxeberria.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Darussafaka. Douglas (21), Baygul (7), Diebler (5), Kidd (7), Eric (18) —hasierako bostekoa—; Ozmizrak (4), Demir (3), Ozdemiroglu, Savas (7) eta Peiners (8).

Kirolbet Baskonia. Marcelinho (8), Janning (18), Shields (9), Voigtmann (14), Poirier (6)—hasierako bostekoa—; Vildoza (5), Jones (2), Diop (4) eta Hilliard (9).

Markagailua. 21-29, 45-47 (atsedenaldian);63-61 eta 80-75.

Epaileak. Javor, Gkontas eta Racys. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 2.585 ikusle Istanbulgo Volkswagen Arenan.

Hanka sartze galanta egin zuen atzo Kirolbet Baskoniak Istanbulen (Turkia). Galanta, 80-75 galdu zuelako Darussafaren aurka. Galanta, Euroligako azkeneko sailkatua delako Turkiako taldea. Galanta, atzo arte, hemeretzi partidetatik bi baino ez zituelako irabazi. Galanta, Buesa Arenan jokatutako lehian, 26 punturen aldeaz galdu zutelako turkiarrek. Galanta, Euroligako final-laurdenak jokatzeko Baskoniak aurkari dituen talde gehienek irabazi egin dutelako jardunaldi honetan. Eta galanta, horren ondorioz, jada ez dagoelako lehen zortzi sailkatuen artean. Armani Milanek aurre hartu dio sailkapenean, eta bederatzigarren da orain Gasteizko taldea, zortzigarrenarekin eta hamargarrenarekin berdinduta, bederatzi garaipenekin.

Velimir Perasovicek entrenatutakoek hamasei baloi galdu zituzten atzo, eta hiru marratik egindako 25 ahaleginetatik sei besterik ez zuten saskiratu. Bi estatistika eskas horiek azaltzen dute zergatik galdu zuen Baskoniak. Baina gehiago egon zen. Perasovicek partida bezperan ohartarazi zuen Darussafakako hiru jokalari oso gertutik zaindu behar zituztela: Toney Douglas joko antolatzailea eta Michael Eric eta Jeremy Evans pibotak. Bada, aurrenekoak 21 puntu sartu zituen, bost asistentzia eman, eta beste bost baloi lapurtu; bigarrenak, berriz, hemezortzi puntu lortu zituen, eta bost errebote hartu. Hirugarrenak ez zuen jokatu. Eskerrak.

Lehen bi minutu erdiak gertatuko zenaren aurrerapena izan ziren. Gaizki hasi ziren gasteiztarrak: bigun defentsan, eta trakets erasoan. Eta etxekoek ondo baliatu zuten, 8-2 jartzeko. Hutsarte batek esnatu zuen Baskonia: 2-13ko partziala lortu zuen, eta astindua eman zion emaitzari: 10-15. Kolpeari, ordea, beste kolpe batekin erantzun zion Darussafakak: 15-15. Erici esker ari ziren eusten etxekoak, baina haren emaria eten zuen Baskoniak. 3-11ko partziala eta zortzi punturen aldea izan zen ondorioa: 18-26. Alde horrekin amaitu zen lehen laurdena, 21-29.

Hamasei baloi galduta

Bazirudien bisitariak neurketa haustear zirela. Baina usteak ustel. Makina bat baloi galdu zituzten bigarren laurdenean, eta horrek etxekoen gorakada ahalbidetu zuen. Hala, atsedenaldian, bi puntu bakarrik zen aurretik Baskonia: 45-47. Hirugarren laurdena hasi eta berehala jarri zen aurretik Darussafaka: 53-51. Kostata, baina bisitariak berriro jarri ziren aurretik (60-61), baina Douglasek zazpi puntu sartu zituen jarraian hirugarren laurdenaren amaieran eta laugarrenaren hasieran: 67-61. Ez zen alde erabakigarria. Bazegoen denbora akatsa konpontzeko. Baina horretarako, koska bat egin behar zuen gora Baskoniak. Ez zen halakorik gertatu, eta erdibidean geratu zen.

Min handia egingo du atzoko porrotak Gasteizen. Zorionez, hamar jardunaldi falta dira jokatzeko. Hori bai, argi geratu da sailkatu nahi badu Baskoniak gogotik lan egin beharko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.