Bitor Arrieta Sorozabal. Eskulangilea

«Udal gutxik zaintzen dituzte ondo eskulangileak»

Hamar urtetik gora dabil Arrieta Sorozabal azokaz azoka, eta kexu da horietako askotan eskulangileak ez diren saltzaile ugari ikusten dituelako. Salerosketa hutsa dela dio.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
30 urte inguru daramatza Bitor Arrieta Sorozabalek egurra lantzen, eta azken hamabi urteetan profesional ari da. Gernika-Lumoko (Bizkaia) urriko azken asteleheneko azokan egongo da bihar, azken hamar urteetan bezala. Gogoko du bertara joatea, «eskulangileak mimatu egiten dituztelako bertan».

Zer espero duzu Gernika-Lumoko biharko azokatik?

Badakigu hotza eta euria egingo duela; beraz, kontu txarra da hori. Hala ere, egia da eskulangile eta nekazaritza azoka bat dela, eta era horretako azoka gutxietako bat ere bada. Jende asko joaten da, eta ondo saltzen da, gainera.

Azoka askotarikoa dela esan daiteke?

Bai, eta ondo zaintzen dute, gainera. Udal gutxik zaintzen dituzte horrela eskulangileak, sasi-eskulangileen azoka asko baitaude sektorean. Badaude udal batzuk ondo zaintzen dutenak.

Horien artean Gernika-Lumo?

Bai, gutxienetarikoa da. Eskulangileak horregatik amaituko dira; dena globalizatuta dagoela egia da, eta eskuz egindako produktu moduan saltzen dute hala ez den zerbait. Jatorrian akaso eskulangile batek egina izango da, baina hemen saltzen denean salerosketa hutsa da.

Eskulangilea zarela erakusteko, egurra lantzen egoten al zara azoketan?

Bai, itxura apur bat egiten duzu. Ez duzu elementu egokirik edukitzen bertan, baina oinarrizko lanak egiten dituzu behintzat.

Noiz hasi zinen egurra lantzen?

Afizio moduan hasi zen dena, 1982an. Arte grafikoetan lan egin izan dudanean marrazkiak egiten nituen, eta beti pentsatu nuen nola arraio landuko ote zen egurrean.

Eta orain badakizu, ala?

Bai, noski. Marraztu eta egurra kentzea besterik ez da. Afizio moduan hasi nintzen, baina langabezian geratu nintzen 2006an, eta ogibide bihurtzea erabaki nuen. Orain ez naiz kexatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.