Gaztetxeak. Ereduak

Mapa bat mundu berriak amesteko

Euskal Herrian 130 gaztetxetik gora daude. Hainbat aldagai komun eduki arren, bakoitzak baditu bere berezitasunak. Gaztetxeen ezaugarri propioen adierazgarri, Donostiako Kijerak, Durangoko Sorginolak, Leitzako Atekabeltzek eta Kanboko Emaitzak ibilbide diferentea dute. Bideo luzea, albistearen amaieran.

Mapa bat mundu berriak amesteko.
Maider Galardi
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
KIJERA. DONOSTIA

Gazteek hartutako etxea, auzoari irekita 

Orain dela lau hilabete okupatu zuten Donostiako Kijera, eta auzora zabaldu. Husteko agindu berri du udalak

Lau hilabete dira Donostiako Parte Zaharreko gazte asanbladak Kijera gaztetxea okupatu zuenetik. Horregatik da gaztetxe, gazte eragileek okupatu zutelako Orixe ikastola izandako eraikina. Kijera, berriz, Iñaki Kijera Espainiako Poliziak 1979an hildako gaztearen omenez jarri diote, gaztetxea dagoen kalean bertan hil baitzuten. Edonola ere, auzoaren beharrez jabetuta, hasieratik egon da bizilagunei irekita. Are, gurasoak eta haurrak ere izan dira gaztetxearen erabiltzaile, eta Haurgunea sortu dute. Utzi berri dute, ordea, Donostiako Udalak agindu baitu eraikina husteko. Ordutik «erresistentzia fasean» daude, berehala kanporatuko dituztelakoan. Haurguneak ere egin du protesta.

«Argi genuen auzoarentzat irekia izan behar zuela. Parte Zaharra parke tematiko bilakatzen ari dira, eta Kijera babesgune bat da. Argi dugu gaztetxetik botatzeak esan nahi duela auzotik botatzea», azaldu du Itsasne Mendiberri gaztetxeko kideak. Izan ere, gunea hartu zutenetik hainbat proiektu sortu dituzte belaunaldi diferenteetako kideek: «Donostian biltzeko espazioa ez duten elkarteak etortzen dira, aisialdi taldea elkartzen da, zirko tailerra egiten dugu, frontoi estalia daukagu, zinema, xaboigintza eta joskintza tailerrak, bertso eskola...», nabarmendu du Javi Sanpedrok. Topagune bat bilakatu da, beraz, Kijera: «Auzoan ez dugu espaziorik belaunaldi diferenteetako jendea elkartzeko. Harremanak indartzeko topagunea da».

«Altxorra» da gaztetxea Josune Urtizberea Haurguneko kidearentzat: «Parte Zaharrekoak gara, baina ez dugu tokirik haurrekin kalean ibiltzeko, eta aukera hau ederra da». Hainbat gurasok gaztetxearen berri izan eta gunea ikusi zutenean, pentsatu zuten haurrentzako espazio aproposa izan zitekeela, Parte Zaharrean ez baita gune estalirik. Ordurako, Kijerako gazteek atonduta zuten gela bat, eta Haurgunekoek proiektuari hasiera eman zioten: «Zenbait balio landu nahi genituen. Autogestioa dugu ardatz. Besteak beste, material birziklatuarekin egiten dugu lan». Orain, ordea, haurren segurtasunagatik, erabaki dute husteko arriskua duten bitartean, Haurgunea Kijeratik ateratzea: «Kale gorrian utzi gaituzte berriro», ohartartarazi du Urtizbereak. Eta jakinarazi du udalaren erabakiari alegazioak jarri dizkiotela kanporatzea gelditzeko.

Kijerako kideek, berriz, jarraitzen dute eraikina biziarazten: «Udalak esango du orain egingo dutela proiektu berri bat, baina gure ustez eraikin honi eman diogu jada erabilera, badu xede bat auzoarentzat», nabarmendu du Mendiberrik.

Askotariko jendea biltzen da Kijeran, baina horrek ez du oztopatu gaztetxearen bilakaera eta jarduna: «Denbora gutxi daramagu eta topera aritu gara, beraz, badakigu elkarbizitzen eta gure arteko lan hori gaztetxearentzako probetxuzko eginarazten», azpimarratu du Sanpedrok.

SORGINOLA. DURANGO

Gazte berrientzako gaztetxe berria

Orain lau urte, Durangoko zenbait gaztek gaztetxe bat okupatu zuten. Aktibazio faseari ekingo diote aurten

«Beharra sumatzen zen herrian». Hala azaldu du Ainhoa Olaso Durangoko (Bizkaia) Sorginola gaztetxeko kideak nondik abiatu zen eraikin bat okupatzeko gogoa, orain lau urte: «Sapuetxe, aurreko gaztetxea, itxita zegoen garai hartan». Izan ere, gazte belaunaldi berriak sentitu zuen beste gune bat izateko beharra. Lehenago, ordea, bazegoen gaztetxea Durangon. Horregatik, beren intentzioen berri eman zieten Sapuetxekoei: «Bagenuen erreparo bat, ea zer pentsatuko zuten», dio Olasok. Edonola ere, aurrera segitu zuten: Sorginola okupatu zuten, eta ordutik da Durangoko gaztetxea. Sapuetxek, berriz, Zentro Sozial Okupatu izena hartu zuen; itxita dago gaur egun.

Bien bitartean, Sorginolakoak indarrak bilduz joan dira. Honela azaldu du Olasok: «2015ean sekulako leherketa izan zen, hasi ginen erakina garbitzen, eta urtebete geroago Galdara prozesua abiatu genuen. Hortik sortu ziren hainbat proiektu: musika gelarena, musikarien asanbladarena, ateneoa...». Ordea, 2017an ohartu ziren barnera begirako eta kanpora begirako lana halako intentsitatez egitea ez zela bateragarria. Horregatik, erabaki zuten garrantzia handiagoa ematea eraikina atontzeari. Horretan aritu dira aurreko urtean ere: «2018a mugarri izan da, saiatu garelako zentzu bat ematen gaztetxeari. Espazioari erabilgarritasuna eman nahi diogu». Bide horretan sortu dira proiektu berriak, eta orain ireki berri dute sukaldea eta txokoa. «Gaztetxea erakargarria izan dadin nahi dugu, baina ez jendea soilik kontzertuak ikustera joateko. Erakargarria izatea nahi dugu jendea gunearen parte sentitzeko», nabarmendu du Olasok.

Gunea txukunduta, aurten aktibaziorako baliatu nahi dute urtea: «Nahi dugu aurtengoa bigarren leherketa bat izatea». Geroz eta jende gehiago elkartzen hasi da proiektura, eta asanblada gune «eroso» bilakatzea nahi dute: «Nahiko natural hitz egiten dugu. Konfiantzazko espazio bihurtu dugu asanblada, eta oso hurbilekoak gara guztiok».

ATEKABELTZ. LEITZA

Herri eragileekin batera atez ate gunean

14 urte situ Leitzako gaztetxeak, eta herriko beste ergile batzuekin batera erabiltzen dute orain Atekabeltz gunea

Ehun urte baino gehiago ditu Leitzako (Nafarroa) Atekabeltz gaztetxearen eraikinak. Hortaz, lau pareten artean duen historia ere ez da laburra. Guardia Zibilaren kuartela izan zen urte luzez, eta horiek beste eraikin batera joan zirenean, udalaren biltegi bihurtu zen. «Urtean behin edo bitan irekitzen zen», azaldu du Gaizka Leitza Atekabeltzeko kideak. Eraikin aproposa zelakoan, orain hamalau urte gazte batzuek biltokiko giltza eskatu zioten udalari. Sarraila aldatu zuten gazteek, eta, ordutik, Leitzak badu gaztetxea.

Eraikina nola «okupatu» zuten ez da berezitasun bakarra. Udalarekin adostuta, orain espazioa elkarbanatzen dute herriko beste hainbat eragilerekin. Azpiko solairuan dago gaztetxea, eta gainontzeko solairuak Herriguneak herriko eragileen bilguneak kudeatzen ditu. «Zuzeneko harremana dugu beste eragileekin. Gaztetxea eta Herrigunea. Guztiok gara Atekabeltz», nabarmendu du Leitzak.

Gaztetxeak, halere, badu bere funtzionamendu propioa. Leitzak azaldu duenez, astean behin biltzen dira asanbladan eta astean zehar jarduera ugari egiten dituzte: «Hitzaldiak eta kontzertuak antolatzen ditugu, baina egiten ditugu tailerrak eta gitarra ikastaroak ere. Bestalde, ostegunetan afari begetarianoak egiten ditugu». Bizirik dago, hortaz, gaztetxea. Baita eraikin osoa ere: «Politena da ikustea beste eragileekin zein jarrera dugun. Jendeak nola eskatzen dituen gauzak, ematen egongo balitz bezala».

Izan ere, Herrigunearekin harreman zuzena dute gaztetxekoek. Batzordean biltzen dira Atekabeltzeko eragile guztiak eta elkar trukatzen dituzte espazioak eta materialak, beharren arabera. Horrek eman die irakaspena. Korronte politiko diferenteeen topagune ere baita Atekabeltz: «Gaztetxean badugu pareta bat kartelak jartzeko. Ikusgarria da nola bat egiten duten kolore guztietakoek», zehaztu du Leitzak.

EMAITZA. KANBO

Belaunaldi berriei legatua uzteko ordua

Hogei urte bete zituen abenduan Kanboko Emaitza gaztetxeak. Transmisioa nola egin hausnartzen ari dira

Gazteek elkarrekin eragiteko espazio bat behar zutelakoan, orain hogei urte elkartu ziren Kanboko (Lapurdi) gazteak. Udalaren esku zegoen gune bat hartu zuten, eta ordutik martxan da Emaitza gaztetxea, udalaren baimenarekin. Alta, gune «autogestionatua» dela nabarmendu du Ximun Boscq gaztetxeko kideak: «Udalarena da espazioa, baina nahi duguna egiten dugu, eta guk kudeatzen dugu gaztetxea». Hortaz, ez dute husteko arriskurik, baina sumatu dute beste arazo bat: ohartu dira garrantzitsua dela belaunaldien arteko transmisioa egitea. Eta, joan den abenduaren 22an gaztetxeak hogei urte bete zituela baliatuta,prozesu bat abiarazi dute gaztetxea gazte berrien esku uzteko.

Haiengana heltzea Emaitzako afera soilik ez zela iritzita, urteurren egunerako mahai-inguru bat antolatu zuten gaztetxeko kideek, Ipar Euskal Herriko beste gaztetxeekin. Bertan identifikatu zuten egungo arazoetako bat dela gazte berriak erakartzea eta aktibatzea, eta erabaki dute gaiari elkarrekin heltzea. Oraingoz, nork bere etxean egingo du hausnarketa, Boscquek esan duenez: «Herri guztietan ez da ber problematika, baina kolektiboan pentsatu nahi dugu nola egin aurre». Hurrengo zita jarri dute: otsailaren 16an, Hazparneko (Lapurdi) Ttattola gaztetxean.

Bien bitartean, lekukoa pasatzen ari dira Kanbon: «Hamar bat lagun gara. 17 eta 23 urte artekoak, aski gazteak. Guk zaharrekin harreman ona dugu, azken urteetan haiek baitzuten bultzatzen, eta guk segitzen genuen. Haiek asetu ziren, eta utzi ziguten ardurak hartzen poliki-poliki. aski naturalki egin da». Gazte berriengana nola heldu diren ere azaldu du: «Herrian bazen gazteria euskaldun bat, besta komitean ari zena. Garrantzitsua zen elkarrekin lan egitea eta herria astintzea».

Festa gune izatetik, beste esparruetan ere eragiteko gaitasuna duen espazio bilakatzea dute erronka orain, lekukoa eskuz-esku pasatuta.

[youtube]https://youtu.be/lW4SvrNW8yg[/youtube]

 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.