Arrauna

Talde lanaren saria

Itxaso Azkonobietak dio «oso berezia» izan dela asteburua: bandera irabazi dute, eta guztiak aritu dira. «Pena» bakarra du: lidergoa galdu izana. Etxean berreskuratu nahi dute.

Orioko arraunlariak eta teknikariak, herenegun, Coruñako Bandera irabazi berritan. CORUÑAKO KIROL SAILA.
Julen Etxeberria.
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Euskal arraunlarientzat bidaia luzerik eta nekezik baldin badago, Galiziara egin beharrekoa da: ordu asko dira joan-etorrian. Bitan egin behar dute denboraldi bakoitzean.

Baina dena da eramangarriagoa hara joan eta lan ona eginez gero. Orduan, pozak gaina hartu ohi dio nekeari itzulikoan. Horixe gertatu zitzaien Orioko arraunlariei herenegun, Coruñatik (Galizia) etxerako bidean. Aldarte oso onean egin zuten bidaia, ordu eskas batzuk lehenago hiriko bandera irabazi izanak eragindako pozak alaituta. Euskotren ligako bigarrena dute aurten, bigarrena jarraian, eta bigarrena orain arte jokatutako hiruretatik.

«Asteburu oso ona izan da: bandera irabazi dugu, eta min hartutako arraunlariek ez beste guztiok egin dugu arraun. Oso berezia izan da horrela irabaztea», dio Itxaso Azkonobieta arraunlariak (Orio, Gipuzkoa, 1997).

Larunbatean lortutako aldeari esker nagusitu zen Orio: zazpi segundo pasatxoren abantaila atera zion Arraun Lagunak taldeari. Igandean, berriz, Donostiako trainerua gailendu zen, baina bi segundo eskas baino ez zizkien atera oriotarrei. Lehen jardunaldian alde polita lortu arren, Azkonobietak azpimarratu du «oso zuhur» jokatu zutela une oro. «Itsasoaren arabera, zazpi segundo olatu bat edo bi besterik ez dira. Zorionez, igandean, baldintzak hobeak ziren. Halere, aldea ez bagenu bezala ekin genion estropadari. Bi jardunalditan jokatzen diren banderak bereziak dira: larunbatean irabaz dezakezu, edo igandean, edo bietan. Baina baita galdu ere».

«Baina» bat jartzekotan, bigarren jardunaldian ez irabazi izana aipatu du. «Gustatuko zitzaigun bi jardunaldietan irabaztea, eta ligako liderrak izatea [berdinduta daude, baina Arraun Lagunak dago aurretik, azken estropada irabazi baitu]. Asteburu gozoa izan da, baina gazi puntua ere izan du. Halere, pozik gaude egindako lanarekin. Oso aurkari indartsuak ditugu, eta sekulako maila dago. Sasoia hasi besterik ez da egin, eta guztiok gaude bete-betean. Egun batean, batek irabaz dezake, eta hurrengoan, besteak».

Horri helduta, uste du jendea «oso azkar» ari dela ondorioak ateratzen. «Iaz, lehia oso estua izan genuen Arraunek eta guk, eta aurten ere halaxe ari gara. Baina lau estropada bakarrik jokatu ditugu, eta Donostiarra eta Tolosaldea sekulako lana egiten ari dira. Ez naiz fidatzen haietaz. Noizbait punta sartuko digute. Ez da inor gutxietsi behar».

«Pozik» daude, taldean aldaketak egon arren «mailari eutsi» diotelako. «Bizkarrezurrari eutsiarren, arraunlari batzuk eta entrenatzailea bera berriak dira. Urteetako lanketa eskatzen du horrek. Baina ondo egokitzen ari gara, eta giro oso ona dugu; hori mesedegarria da: oso gustura ari gara elkarrekin».

Etxean ariko dira hurrengo estropadan. «Begiz jota» dute. «Denboraldian badaude barrenak gehiago mugiarazten dizkizuten estropadak, eta, noski, etxekoa da horietako bat. Ilusio handia dugu. Bandera etxean geratzea nahi dugu. Hori eginda, gainera, lider jarriko ginateke. Ondo prestatu behar dugu, eta gauzak oso ondo egin; edozein huts garesti ordainduko dugu. Bete-betean aritu beharko dugu, eta litekeena da hala arituta ere ez irabaztea; berriz diot: sekulako maila dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.