HEGOALDEKO BI GOBERNUEN ARTEKO LANKIDETZA

2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Zer zen Organo Komuna?
1996an, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak erabaki zuten beren esku zeuden gaietan lankidetza bultzatzea, «ordenamendu juridikoaren arabera».
Zein ziren gai horiek?
Interes komuneko gaiak. Hala nola: kultura, hizkuntza politika eta komunikabideak; hezkuntza; ekonomia eta zergak; administrazioa; industria, merkataritza eta turismoa; nekazaritza eta ingurumena; azpiegiturak eta lurralde antolamendua; osasuna; babes zibila eta segurtasuna.
Zer asmo zuen?
Gai horietan politikak koordinatzea eta proiektu eta egitasmo bateratuak bultzatzea;gai horietan azterketak modu bateratuan egitea; bi administrazioen arteko informazioa trukatzea; autogobernuaren defentsan elkarrekin aritzea; langile publikoen prestakuntza elkarrekin lantzea; bi erkidegoetako arlo pribatuko sektore ekonomiko eta sozialen arteko harremanak bultzatzea; Europan elkarrekin aritzea…
Zer egitura izango zuen?
Helburuak betetzeko asmoz, Topagune Iraunkorra izeneko foro bat osatu nahi izan zuten bi gobernuek. Haren zeregina izango zen bi gobernuen intereseko gaietan politikak koordinatzea eta bultzatzea. Topagune horren zuzendaritza kontseiluaren eskuetan egongo zen.
Zer zen kontseilua?
Kontseilua izango zen ordezkaritza politiko handieneko organoa. Bi gobernuetako lehendakariek eta hiruna sailburuk edo kontseilarik osatuko zuten. Lehendakaritza partekatua izango zuen, eta urtean gutxienez bi aldiz bilduko zen. Bilera horietan, ordura arteko informazioa jaso, eta zenbateraino bete zen aztertuko zen.
Zer beste egitura zuen?
Idazkaritza eta batzorde teknikoak. Idazkaritzaren zeregina izango zen kontseiluak zehaztutako lanari jarraipena ematea. Gobernu bakoitzak idazkaritzako lehendakari bat eta hiru kontseilari hautatuko zituen. Batzorde teknikoak lan edo politika jakinak jorratzeko osatuko ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.