Elx 0-2 Alaves

Mailari eusteko urrats handia

Alavesek garaipen oso garrantzitsua lortu du Elx zuzeneko aurkariaren kontra, eta bost puntura urrundu da jaitsieratik, behin-behinean, bi partida falta direla. Joselu eta Luis Rioja izan dira golegileak

Luis Rioja eta Joselu, Alavesen atzoko bi golegileak, ospakizun betean, Elxen. MANUEL LORENZO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
0-1. Joseluk (40 min) 0-2. Luis Riojak (54 min).

Alavesek sekulako aurrerapausoa eman zuen atzo gauean Elxen, jauzi luze baten parekoa, eta horri esker, ia eskura dauka denboraldiko helburua: datorren sasoian ere Lehen Mailan jokatzea. 0-2 irabazi zion Elxi, lehen zatiaren akaberan Joseluk egindako golarekin, eta bigarrenaren hastapenean Luis Riojak sartu zuenarekin. Sailkapenari begiratzen bazaio, eta behin-behinean [gaur eta bihar osatuko da jardunaldia], Alavesek bost puntuko aldea ateratzen dio Huescari, jaitsiko litzatekeen azkeneko taldeari. Elx, atzoko aurkaria, tarte bertsura utzi du, eta berdinduta dago bien arteko average delakoa, Mendizorrotzako partidan, lehen itzulian, 0-2ko emaitza izan baitzen.

Kale edo baleko partida zen bi taldeentzat atzokoa. Alaves ez zen onenean iritsi, azken bi partidetan puntu bakarra aterata. Are okerrago heldu zen Elx. Hobeto ekin zion lehiari Javi Callejaren taldeak. Battagliaren zuloa Manu Garciak bete zuen, erdian hirukoa osatuz Pinarekin eta Ponsekin. Aurrean ziren Luis Rioja ezkerretik, Edgar eskuinetik, eta Joselu aurrelari peto bezala. Etxekoen artean, 1-4-4-2koa zen sistema, Boye eta Carrillo argentinar kankailuak aurrean zirela.

Etxekoen defentsako estrategia izan zen baloia Alavesi ematea, eta erasoan, bi aurrelariak azkar bilatzea, goiko baloiekin. Arabarrek ondo erabili zuten baloia, eta eroso iritsi ziren Elxen zelaira. Ezkerretik hasi zen lantzen jokoa, eta berehala nabarmendu zen Luis Riojaren abilezia teknikoa, paseetan eta buruz burukoetan. Taktikoki ere ondo eraman zuen taldeak jokoa ezkerrera, Manu Garcia erdiko atzelari jarriz baloiaren irteera batzuetan, Duarte oso gora igoz, eta Rioja kanpotik barrura eramanez. Gainera, etxekoak opari larriak egiten hasi ziren atzealdean, baloia oparitzen, esate baterako, eta 22. minutuan, Riojak zutoinera bota zuen baloia, horrelako bat baliatuz.

Alavesek ondo egin zuen besteaizan zen baloia galdu eta segituan presioa egitea Elxen zelaian, zeharo narrastuz bestela ere trakets samarra den haien erasoko jokoa. Partidaren erritmoa geldoa zen, eta hori ere ez zen txarra Alavesentzat. Traza hartu zuen norgehiagokak lehen gola sartzen zuenak asko izango zuela hiru puntuak etxera eramateko, eta Alavesek zulatu zuen sarea. Korner batean, motzean atera, eta baloia Riojak hartu zuen area barruan, eskuin hegalean. Atzelaria zoratu, atzean utzi, eta zelaiari itsatsita atzealdera egindako pase doitua Joseluk bota zuen barrura, 40. minutuan. Kontrolpean zuen partida Alavesek, baina jokoan zuen nagusitasunari Pachecok eutsi behar izan zion golaren aurretik, bi urruntze bikain eginez.

Bigarren zatia aldatu egin zen: Alavesek Elxi eman zion baloia, eta kontraerasoan, erraz iritsi zen etxekoen atera. Bigarren gola horrela sartu zuen Riojak, Joseluren pasea baliatuz, 54. minutuan. Pachecok berriz azaldu behar izan zuen gero, eta zutoina ere jo zuen Edgarren jaurtiketa batek. Itzaliz joan zen gero partida, baina ondo piztuta utzi zuen Alaves.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.