Reala 0-1 Alaves

Bakarrak du bestondoa

Alavesek irabazi du Anoetako euskal derbia, partida hasieran egindako gol bati esker. Realak aukera gehiago izan ditu, baina hutsal aritu da ate aurrean

Hamargarren minutuan sartutako gola baliatuta, Anoetatik hiru puntuak eraman zituen Alavesek. J.C. RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Callerik (10. min.).Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horiak: Realeko Zurutuzari,Merinori eta Aritzi; eta Alaveseko Pinari, Wakasori, Duarteri eta Maripani. Bestelakoak. 22.431 ikusle Anoetan.

Asmo berdinarekin zelairatu ziren atzo Reala eta Alaves. San Tomas eguna data seinalatua daDonostian, eta Anoetan jaia borobiltzea zuten xede bi taldeek. Gasteiztarrek soilik asmatu zuten horretan. Partida hasieran sartutako gol bati esker irabazi egin zuten babazorroek, eta hiru puntuak etxera eramatea lortu zuten hala. Bestondorik gabe esnatu dira gaur Abelardok prestatutako jokalariak. Realeko kideek, berriz, bi asteko aje luzeari egin beharko diete aurre.

Gartsu atera zen Alaves zelaira, eta saria eman zion horrek. Lehendabiziko minutua betetzerako arriskua sortu zuen donostiarren arean, eta ez zuen denbora asko behar izan gola egiteko. Ezker hegalean Theo Hernandezek egindako huts bat probestu zuen Borja Bastonek, eta haren erdiraketa bikain errematatu zuen Jonathan Callerik. Maisua da horretan; lau gol sartu ditu aurtengo sasoian, eta buruz egin ditu laurak.

Partida hasterako ozpindu zitzaien jaia donostiarrei. Gasteizkoak, aldiz, eroso zeuden zelaian. Ofizio handiko taldea da, eta agerian utzi zuen hori atzoko neurketan. Lehen zatiko azken ordu laurdenean Realak gehiago egin zuen erasora. Alabaina, distirarik gabe baina merezimenduz lortu zuen Alavesek atsedenaldira aurretik iristea.

Bigarren zatiaren hasieran biziago aritu zen Reala. Hegaletatik arriskua sortu zuten txuri-urdinek, baina ez zuten lortu baloia sareetara sartzea. Penaltia ere eskatu zuten Realeko jokalariek. Epaileak, baina, ez zuen ezer adierazi.

Txuri-urdinek baloiaren jabetza handiagoa izan zuten, baina sakontasunik gabe. Bien bitartean, partidaren kontrola irabazteko aldaketak egin zituen Abelardok, eta kontraerasora jo zuten gasteiztarrek. Halako jokaldi batean min hartu zuen Ibai Gomezek. Bigarren zatian zelairatu zen, eta denbora baino lehen utzi behar izan zuen zelaia. Asier Garitanok iraultzaren bila jo zuen. Ander Barrenetxeari debuta egiteko aukera eman zion, eta Jon Bautista sartu zuen, baina alferrik. Nahi baino lehenago eta bestondo handia iragarriz amaitu zitzaien jaia; Alavesi, alderantziz. Bosgarren dira sailkapenean, eta modurik onenean amaitu dute urtea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.