Errusiako Munduko Kopa. Argentina 0-3 Kroazia

Epelak entzungo dituzte

Kroaziak astindua eman dio Argentinari, eta final-zortzirenetarako sailkatu da. Argentinarrek oso itxura eskasa eman dute, eta izugarri zaildu zaie sailkapena

Lionel Messi, burumakur, atzo, Kroaziaren aurka jokatutako partidan. KIKO HUESCA / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Rebicek (53. min.). 0-2: Modricek (81. min.).0-3: Rakiticek (91. min.). Epailea. Ravxan Irmatov (Uzbekistan). Txartel horiak: Argentinako Mercadori, Otamendiri eta Acuñari; eta Kroaziako Rebici, Mandzukici eta Vrsaljkori. Bestelakoak. 43.319 ikusle Nizhni Novgorodeko estadioan.

Zalantzarik baldin bazegoen, Argentinak eta Kroaziak atzo Nizhni Novgoroden elkarren aurka jokatutako partidak bi gauza utzi ditu argi: bata, Kroazia sasoi betean iritsi dela Errusiara, eta itxura duela urruti ailega daitekeela; bestea, Argentinak itxura oso txarra duela, eta traza duela hamaikagarren muturrekoa jasoko duela.

Bi selekziok jokatu dituzte jada bi norgehiagoka, eta sekulako aldea dago baten eta bestearen jardunaren artean. Kroaziarrak bietan nagusitu dira, eta final-zortzirenetan dira horri esker. Multzoko lehenak izatea izango dute jokoan azken jardunaldian, Islandiaren aurka.

Argentina, aldiz, arrisku bizian da. Puntu bakarra du, eta gaur desiratzen egongo da Islandiak eta Nigeriak berdintzea edo nigeriarrek irabaztea, haien aurka jokatuko baitu azken lehia. Aldiz, islandiarrek gaur irabaziz gero, hiru punturen aldea izango lukete argentinarrekin, eta nahikoa lukete azken jardunaldian berdintzea. Kroaziak ere gustura hartuko luke puntu bat azken partidan, lehen postua ziurtatzeko. Ez litzateke harritzekoa izango baten eta bestearen asmoek bat egitea.

Hasieratik geratu zen oso garbi bi selekzioek lehen jardunaldian egindakoak baldintzatuko zuela nork eramango zuen neurketaren zama. Dagoeneko hiru puntu izanda, eta beste puntu bat batzea sari ona izan zitekeela iritzita, atzean sartu zen Kroazia. Argi zuen egitekoa: atzean sendo aritu, baloi arriskutsurik ez galdu zelai erdian, eta aurkariaren hutsen bat aprobetxatzen saiatu. Argentinak, ordea, puntu bakarra zuen, hark zuen premia gehien. Hark izan beharko zuen ekimena.

Iparrorratza izan edo ez

Baina, ekimena izateko, baloia zentzuz jokatu beharra dago, eta horretarako hori egin dezaketen jokalariak izan. Kroaziak baditu: Ivan Rakitic eta Luka Modric. Haien gainean dago eraikia selekzioa. Ez da harritzekoa. Bikainak dira jokoa antolatzen, taldekideak jokarazten eta aukera dutenean gola bilatzen.

Baina halako jokalaririk ez du Argentinak. Munduko onena du, Lionel Messi, baina ezer gutxirako balio du munduko onena izateak hari taxuzko baloiak emango dizkion jokalaririk eduki ezean. Iparrorratz bat falta zaio zelai erdian Argentinari, eta, hori gabe, noraezean dabil. Ez daki zertara jokatu nahi duen. Galduta Messi, eta galduta Argentina. Denbora darama gaitz horri sendabidea topatu ezinik. Duela lau urte ere ez zuen iparrorratzik, eta gai izan zen finalera iristeko, baina miraria litzateke berriro halakorik egitea.

Are gutxiago zelai erdiko zuloari atekoa gehituz gero. Caballerok egindako huts handiak kondenatu zuen atzo Argentina. Zebicen gainetik baloia loratzen saiatu zen, baina opari galanta egin zion, eta kroaziarrak gol ikusgarria lortu zuen boleaz. 53. minutua zen. Ezer gutxi pasatu zen ordura arte, eta golak hautsi egin zuen partida. 80. minutuan Modricek bigarrena sartu zuen, area kanpotik gol ederra sartuta, eta Rakiticek errematea eman zien argentinarrei 91. minutuan. Epelak entzungo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.