Athletic 1-1 Levante

Itzulerakoan erabakiko da

Athleticek bana berdindu du Levanteren kontra, Espainiako Kopako finalerdietako joanekoan. Melerok eta Iñigo Martinezek sartu dituzte golak. Martxoaren 4ean jokatuko dute itzulerakoa

Iker Muniain Levanteko jokalariez inguratuta atzoko partidan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
0-1: Melerok (26. min.). 1-1: Iñigo Martinezek (38. min.)

Airean. Halaxe geratu da Athleticen eta Levanteren arteko Espainiako Kopako finalerdia, bana berdindu baitzuten atzo San Mamesen. Futbola justua ez dela esaten da batzuetan. Baina atzokoan, berdegunean ikusitakoa islatu zuen emaitzak. Izan ere, bi zati oso desberdin izan zituen neurketak. Lehen zatian Levante izan zen nagusi. Harena izan zen jokoaren ekimena eta baloi jabetza. Bigarrenean, berriz, Athletic hobea izan zen, kementsu eta adoretsu atera zen, eta horrek eman zion berdinketa. Hiru aste barru erabakiko da kanporaketa. Etxetik kanpo gol bat sartzea beti izan ohi da abantaila txiki bat. Baina zalerik gabe jokatuta, dena aldatzen da, eta zuri-gorriek aukera guztiak dituzte apirilean bigarren final bat jokatzeko.

Marcelinok ohiko hamaikakoa zelairatu zuen. Hala, Muniain eta Raul Garcia hasieratik aritu ziren. Zelai erdian jokalari gehiago pilatuz, Levantek hobeto ekin zion partidari. Jokoaren ekimena eta baloiaren jabetza harenak izan ziren, Athleticen zelaian jokatuz. Gainera, berehala erakutsi zituen zeintzuk ziren atzoko neurketa irabazteko erabili nahi zituen kartak: sakon jokatzea eta geldikako jokaldiak. Melerok gertu izan zuen gola, Athleticen huts baten ostean. Baina epaileak bertan behera utzi zuen jokaldia, jokoz kanpokoagatik.

Partidako lehen txanpan zuri-gorrien zelai erditik aurrerako jokalariak ia ez ziren azaldu. Ia ez zuten baloirik. Eta hala iritsi zen Levanteren lehebiziko gola, 26. minutuan. Melero bakarrik zen penalti puntuan, eta ezkerretik iritsitako erdiraketa bat baliatu zuen. Hala, gauzatu zuen berdegunean erakusten ari zen nagusitasuna.

Presioan berandu iristen zen Athletic, edo Paco Lopezen taldea baino jokalari gutxiagorekin. Lehen zatiko azken txanpan zuri-gorriak hegaletatik erdiraketak eginez saiatu ziren min egiten, batez ere Muniainen bidez. Baina gehiago izan zen adoreari esker, jokoagatik baino. Gainera, ez zuten aparteko arriskurik sortu.Levante, berriz, ondo kokatuta zegoen berdegunean, baloia berreskuartu eta kontraerasoan irteteko asmoz. Hala amaitu zen lehen zatia.

Beste itxura bat

Marcelinori ez zitzaion batere gustatu lehen zati horretan ikusitakoa, eta hala atsedenalditik bueltan Vesga, Unai Lopez eta Berenguer irten ziren. Gainera, Muniain barrurago sartu zuen. Asmoa, argia zen: zelai erdiari beste itxura bat eman, eta baloia edukita partidaren norabidea aldatzea. Eta artean izandako bi aukerarik argienak izan zituzten zuri-gorriek. Cardenasek ondo erantzun zien Raul Garciak buruz eta Berengerrek penalti puntuan egindako erremate banari. Partidak beste itxura bat zuen, eta hala iritsi zen berdinketaren gola. Muniainek korner bat atera zuen, eta atzetik indartsu iritsita Iñigo Martinezek sartu zuen gola. Eta segidan gertu izan zuen bigarrena Berenguerrek. Baina berriro ere ondo erantzun zuen Cardenasek.

Athleticek ordu erdi zuen beste behin partida iraultzeko. Baina hurrengo minutuetan,Moralesek gidatuta, jokoa geratu zuen Levantek. Horretan lagundu zion Bardhik. Eta zuri-gorriek lehen zatian egin zuten bezala, hegaletatik erdiraketak eginez saiatu zen Levante aurkariaren nagusitasuna gainetik kentzen.

Hortik aurrera dezente berdindu zen norgehiagoka. Levantek ontzat ematen zuen berdinketa. Athleticek, berriz, baloia zuen, eta Carndenasen atera gerturatzen ahalegintzen zen.

Baina minutuak aurrera joan ahala zuri-gorriak ere nekea antzematen hasi ziren. Kopa eta Superkopa tarteko, Marcelinoren taldeak hainbat aste daramatza astean bi partida jokatzen, eta antzeman egin zen. Hor amaitu zen partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.