REALA 1- 0 MALLORCA

Estu antzean, baina geldiezin

Realak sufrituta irabazi dio Mallorcari Anoetan. Txuri-urdinek orain 55 urteko marka hobetu dute, zortzi partida jarraian irabazita. 75 urteko bazkide bat hil da, harmailetan ondoezik sentitu eta gero

Mikel Merino Realeko erdilaria, gola ospatzen, partidako bakarra, atzo, Anoetan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun

1-0. Merinok (4. min).

Reala geldiezin ari da azken boladan. Irabazi egin du azken jardunaldietan, nola txapelketa batean, hala bestean, aldez edo moldez. Jadanik zortzi partida irabazi ditu segidan, eta Espainiako Ligan lortu ditu haietako bost. Bart iluntzean azkena, Anoetan, Mallorca menderatuta: 1-0. Gisa horretara, txuri-urdinek beren historiako garaipen kopururik handiena kateatu dute, 1967ko marka hobetuta. Donostiarrek zazpi eskuratu zituzten urte hartan.

Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak atzo gehitu zion azken alea. Sufrituta egin ere, aurkariak izugarri estutu baitzuen bigarren zatian. Ordea, urrezko hiru puntu batu zituen, sailkapeneko hirugarren postuan kokatzeko. Emaitza horri esker, Realak aurrea hartu die Atletico Madrili eta Betisi.

Taldeak neurketa hasi orduko ondu zuen garaipena, baina, egiari zor, ez zuen modu distiratsuan eskuratu. Teknikari oriotarrak aldaketak egin zituen hamaikakoan. Besteak beste, Robin Le Normandi eta Martin Zubimendiri eman zien atseden, eta Mikel Merino hasieratik kokatu zuen, bi partida eta gero.

Hain justu, nafarra izan zen golegilea, partida hasi eta gutxira. Erdilariak buruz errematatu zuen Brais Mendezek egindako korner jaurtiketa bat, eta sasoiko lehen gola sartu zuen. Estrategia jokaldietan aurreratu zen Reala, beste behin: azken lau partidetako bakoitzean gol bat sartu du gisa horretara.

Berehalakoan aurrea hartuta, neurketak itxura ona hartu zuen etxekoentzat. Dena den, Mallorcak pare bat saialdi egin zituen gola jaso eta gutxira, Angel Rodriguezek langara bota zuen baloia 12. minutuan, boleaz jota. Hura izan zen bisitariek lehen zatian izandako aukerarik onena.

Realak izan zuen jokoaren nagusitza minuturik gehienetan, eta Mallorcak lagundu egin zion horretan. Izan ere, Javier Agirre teknikariak 5-4-1eko sistema prestatu zuen Anoetarako. Txuri-urdinei utzi zien gidaritza, eta zer gertatu zain geratu zen. Hala, baloia etxekoena izan zen, eta haiek izan zituzten lehen zatiko aukerarik argienak. Ordea, ez zuten asmatu aldea handitzen. Take Kubok ate aurrean huts egindako aukera izan zen horren adibide, 25. minutuan. Japoniarrak huts egin zuen zailena egin eta gero.

Barkatzea arrisku

Hala igaro ziren lehen zatiko gainontzeko minutuak. Realak jokoaren kontrola izan bai, baina minik ez zuen egin azken metroetan. Horrela amaitu zen lehen erdia, eta erasoari emanda ekin zion bigarren zatiari ere. Batez ere, geldikako jokaldietan egin zuen min: atsedenalditik itzuli eta hamar minuturen barruan lau korner atera zituzten etxekoek.

Alabaina, Realak barkatu egin zuen, lehen zatian bezalaxe, baina arrisku handiagoa izan zuen. Mallorcak estu hartu zuen talde txuri-urdina, eta Javier Aguirreren multzoa gailendu egin zen jokoan, donostiarrei nekeak gain hartu ahala.

Sufritu egin zuen Realak, izugarri sufritu ere. Gorriek gol aukerak kateatu zituzten bata bestearen atzetik, eta Anoetakoak iparra aurkitu ezinda aritu ziren. Mallorcak gol bat ere sartu zuen, 56. minutuan, baina epaileak ezerezean utzi zuen, Ndiayek Aritz Elustondori falta egin ziolako. Aurrelariak apropos zangotrabatu zuen atzelaria, eta atera egin zuen zuzenean.

Realari luze egin zitzaion azken zatia. Baloia galduta, deseroso aritu zen jokoan, eta kontraerasoak probestu zituen Mallorcak. Alex Remirok egindako geldiketa bat funtsezkoa izan zen emaitzari eusteko.

Lortu zuten hori, azkenerako, eta txuri-urdinek aurrerako urratsa egin zuten garaipena erdietsita. Aise edo estu, puntuak biltzea da loriarako gakoa, eta, gaur-gaurkoz, bide horretan ondo ari da Reala. «Asko kostatzen da partidak irabaztea, eta zortzi jarraian lortu ahal izatea oparia da. Oso pozik gaude», esan zuen Merinok, partidaren amaieran.

Harmailetatik heldu zen neurketako albiste garratza. 75 urteko zale bat hil zen, neurketaren atarian ondoeza izan eta gero. Larrialdi zerbitzuek Donostiako Ospitalera eraman zuten bazkidea, eta handik gutxira hil zen. Halakoetan, zelaikoa itzalean geratzen da: «Klubaren izenean, atsekabea helarazi nahi diet senideei», esan zuen Merinok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.