Errusiako Munduko Kopa. Uruguai 1-0 Saudi Arabia

Suarez, gola, eta kito

Aurrelariak Saudi Arabiaren atezainaren huts bat baliatu du partida irabazi eta Uruguai final-zortzirenetarako sailkatzeko. Errusiak ere aurrera egin du

Mohammed Al-Owais Saudi Arabiako atezaina atsekabetuta eta lurrean etzanda, atzoko partidan. Huts handia egin zuen Uruguairen golean. HAWN THEW / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Gola. 1-0: Suarezek (23. min.). Epailea. Clement Turpin (Frantzia). Bestelakoak. 42.678 ikusle Rostov Arenan.

Uruguaik ez du inor maiteminduko Munduko Kopa honetan. 2010ean laugarren bukatu zuen belaunaldi hari lilura gutxi gelditzen zaio, baina ofizioa ez du galdu. Bi partida txiki jokatu ditu Errusian, 180 minutu pausoan mugitzen, baina dagoeneko final-zortzirenetan dago. Partida horietan gol bana sartu du, Egipto eta Saudi Arabiaren aurka, bina kornerretan, eta banketxe onenaren pare errentabilizatu ditu.

A multzoak desorekatuena zirudien hasi aurretik, eta Munduko Kopan ezusteko asko egon diren arren, etxeko selekzioaren ligaxkan gidoia bete egin da. Uruguaik eta Errusiak lehen bi jardunaldietan ez dute kale egin, eta dagoeneko sailkatuta daude biak. Hirugarren jardunaldian elkarren aurka jokatuko dute, eta hor erabakiko da zein izango den lehenbiziko eta zein bigarren. Berdintzen badute, Errusiak bukatuko du aurretik, gol aldeari esker.

Uruguaik eta Saudi Arabiak Munduko Kopan orain arte egon den partidarik motelena jokatu zuten. Eskas samarra doa joko mailaz, eta atzokoak ez zuen hobetu orain artekoa. Bi taldeen lehen partida ikusi zuten zaleek imajina zezakeen halakorik, eta iragarpenik okerrenak bete ziren. Errusiak bost gol sartu zizkien arabiarrei, eta Uruguaik gol festa bilatuko zuen ala ez zen zalantza. Bada ez, bosgarren abiadura gorde, eta, etxeko lanak egin zituenean, nahiago izan zuen indarrak aurreztu.

Ez da gehiegizkoa. Uruguai eta Saudi Arabiaren arteko ahal teknikoaren artean amildegi bat dago. Selekzioren batek izan behar du Munduko Kopan ari den kaxkarrena, eta litekeena da Saudi Arabiak betetzea postu hori. Uruguaik, hala ere, ez sufritzeko baino ez zuen baliatu alde hori. Baloia kontrolpean izan zuen partida osoan, eta, une bakan batzuetan izan ezik, ez zuen sufritu. Logikoa denez, erasoan aukera hobeak izan zituen, baita gol gehiago sartzeko aukerak ere, baina benetako beharrak sortzen duen su hori falta izan zitzaion.

Gola ere hala moduzkoa izan zen (23. min.), korner batean. Lehen jardunaldiko partidaren ondoren, Juan Antonio Pizzi arabiarren hautatzaileak atezaina aldatu zuen, eta Al -Owaisek ere ez zion eman bere aldeko apustua mantentzeko arrazoirik. Goleko kornerrean gaizki neurtu zuen irteera, eta jauzi egin arren, baloia bere ukabilaren gainetik pasatu zen. Zorte txarra izan zuen gainera, gola Luis Suarezen oinetara joan baitzen zuzenean, eta hark sartu zuen gola. Zortea bainoago, agian, senaren ondorio izan zen, ez baita kasualitatea Suarez ia beti ondo kokatua egotea.

Bigarren zatian, Saudi Arabiak gehiago izan zuen baloia. Hobeto jokatu zuen, ekimena hartu eta baloia alde batetik bestera mugituz, baina behin eta berriz egin zuen talka Godin eta Gimenezekin. Uruguaik fede itsua du bere erdiko atzelariengan, eta arazo handirik gabe zapuztu zituzten aurkarien gol asmoak. Beste atean, aldiz, eta atzelari batek irrist egin ondoren, Cavanik oso aukera garbia izan zuen 85. minutuan, eta Al-Owaisek goleko hanka sartzearen erruaren zati txiki bat garbitu zuen geldiketa on batekin. Horri esker, agian, berak jokatuko du Egiptoren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.