Elx 1-1 Athletic

Txiripaz egin dute aurrera

Athleticek penaltietan kanporatu du Elx. Zuri-gorriak nagusi izan dira jokoan, baina, beste behin, eraginkortasun gutxi erakutsi dute. Hamalau penalti jaurti dituzte bi taldeek sailkapena erabakitzeko

Athleticeko jokalariak Espainiako Kopako final-zortzirenetarako sailkapena ospatzen, atzo, Elxen. MORELL / EFE.
haritz gallastegi
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Elx. San Roman; Tekio, Ignacio Pastor, Dani Calvo, Oscar Gil; Josan, Manuel Sanchez, Nfulu (Ramon Folch, 71 min.), Fidel; Pere Milla (Nino, 96. min.) eta Murad (Yacine Qasmi, 81. min).

Athletic. Herrerin; Capa, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Balentziaga (Yuri, 75. min); Beñat (unai lopez, 64. min), Vesga; Lekue (Villalibre, 105. min), Raul Garcia, Cordoba (munian, 46. min); eta Williams.

Golak. 0-1. Williamsek (5. min.); 1-1. Fidelek (41. min.). Penaltietan, aurrera egin zuen Athleticek (4-5).

Epailea. Munuera Montero Txartel horiak: Elxeko Oscar Gili; eta Athleticeko Yuriri eta Iñigo Martinezi.

Bestelakoak. 13.834 ikusle Martinez Valero estadioan.

Athleticeko jarraitzaileek arnasa hartu uzten Tekiok penaltia Herrerinek zaindutako atetik kanpora jaurti zuenean. Hamalaugarren penaltia izan zen. Aurrez, hanka eta erdi Espainiako Kopatik kanpo izan zuen talde zuri-gorriak. Izan ere, lehen hiru jaurtiketatatik bi huts egin baitzituen Gaizka Garitanok zuzendutako taldeak. San Roman atezainak gelditu egin zituen Raul Garciak eta Unai Lopezek jaurtitako penaltiak. Hortaz, Elxek bi aukera izan zituen kanporaketa irabazteko. Baina etxeko taldeak kale egin zuen: Qasmik, Sanchezek eta Tekiok huts egindako jaurtiketei esker bizirik jarraitzen du Athleticek. Nekatuta, baina bizirik.

Athleticek sufritu egin zuen, baina merezita egin zuen aurrera. Partidaren zati handi batean aurkaria baino hobea izan zen. Lehoien orbana lehen zatiaren bigarren erdian egindako lana izan zen. Gainerakoan, mendean hartu zuen Elx. Baina, beste askotan gertatu zaion legez, jokoan erakutsitako nagusitasunari etekina ateratzea falta izan zitzaion. Zoritxarrez, ez da egun bateko kontua. Taldeak duen gaitza da. Gabeziak ditu errematean. Gol sen gutxi duen taldea da. Bada, horrela ia ezinezkoa da helburu anbiziotsuak jartzea. Martinez Valeron hamabost korner atera zituen eta hemeretzi erremate egin zituen atera. Guzti hori gol bat sartzeko. Williamsek laugarren minutuan sartu zuena, hain zuzen ere. Erdiko aurrelari postuan ekin zion lehiari eta maisutasunez baliatu zuen Iñigo Martinezek emandako pase luzea. Defentsak atzean utzi zituen lehenengo eta ondoren zutoin ondora egindako jaurtiketa bati esker gainditu zuen San Roman atezaina.

Garitanok sei aldaketa egin zituen hamaikakoan. Freskatu egin zuen taldea neurketari erritmo bizia jarri eta Elx estu hartzeko. Golak aurrez prestatutako guztia lasaitasunez gauzatzeko aukera eman zion Athletici. Baina ez zuen egoera baliatu. Galtzen hasi arren, etxeko taldea ez zen larritu, eta baloia alde batetik bestera mugitzen hasi zen. Lehen hogei minutuetan sufritu ostean Pachetaren taldea nagusitzen hasi zen. Zelai erdia hartu zuen eta hegalekoak jokoan sartzen hasi ziren. Fidel zein Josan burukomina ziren atzelari zuri-gorrientzat. Lehen abisua Pere Millak areaz kanpotik egin zuen jaurtiketa izan zen. Herrerinek geldiketa ona egin zuen. Bigarrenean ez zuen barkatu. Josanek erraz utzi zuen atzean Balentziaga eta bere erdiraketa sareetara bidali zuen Fidelek buruz. Merezitako gola izan zen. Elx gehiago zen.

Munianen eta Unai Lopezen zelairatzeak aldatu egin zuen partida atsedenaldi ostean. Athletic baloiaren jabe egin zen eta Elx sufritzen hasi zen. Zuri-gorriak nagusi ziren baina areaz kanpotik egindako jaurtiketak baino ez zituen egiten. Joko gehiago zuen, baina jorik ez. Elxek, berriz,aukera bakarra izan zuen bigarren zatian baina bera izan zen garbiena. Oscarrek kanpora bota zuen penalti puntutik bakarrik egin zuen jaurtiketa. Luzapenean, Raul Garciaren ezkerkada bati eta batez ere, zelairatu berri zen Villalibrek egindako jaurtiketa gurutzatu bati esker gertu izan zuen garaipena Athleticek. Baina, enegarrenez, ez zuten ate aurrean asmatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.