REAL MADRIL 4 - 0 OSASUNA

Gol jasa jasota, kopetilun

Osasunak oso irudi txarra eman du Real Madrilen zelaian, eta zigor handia jaso. Lehian sartuta iraun du lehen zatian, baina amildu egin da atsedenaren ondoren. Herrerak penaltia gelditu du amaieran

Joselu Mato Real Madrileko aurrelaria, laugarren gola ospatzen. David Garcia ageri da belauniko, etsita. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
1-0. Bellinghamek (9. min). 2-0. Bellinghamek (54. min). 3-0. Viniciusek (65. min). 4-0. Joseluk(70. min).

Osasuna umore onean zen, Alavesen zelaian bolada txarra eten eta gero, eta pozarren joan nahi zuen geldialdira. Real Madrilen zelaian balentria egitea zen gorritxoen asmoa, Santiago Bernabeun azkenekoz irabazi eta ia hogei urte geroago. Bada, luzaroago itxaron beharko dute, atzo gainetik igaro baitzitzaien Espainiako Lehen Mailako liderra. Hainbestean eutsi zioten lehen zatian, baina berehala sartu zieten aurreneko gola. Neurketa berdintzear izan ziren atsedenaren atarian. Haatik, harresia zuloz josi zitzaien aldageletatik itzuli eta gero. Azkenean, 4-0. Kolpean desagertu zitzaien zekarten irribarrea.

Hasieratik aritu ziren Budimir eta Torro, Mendizorrotzan ordezko izan ondoren. Areso ere titular izan zen defentsako eskuin hegalean, eta Ruben Peñak metro batzuk aurrerago jokatu zuen. Eskuin hegala sendotzeko apustua izan zitekeen, baina Peña ezkerretik aritu zen. Real Madrilen, Carlo Ancelottik premiazko konponbide bat inprobisatu beharra zeukan defentsako hutsuneen eraginez, eta Tchouameni erabili zuen adabaki gisa.

Aurkariaren atzeko lerroan arrakalak eragin zitzaketen gorritxoek, baina uzkur eta lotsati zelairatu ziren. Eta, hamargarren minutua betetzerako, lehen kolpea eman zien Real Madrilek: Modricek Carvajal aurkitu zuen area barruan, hark Bellinghamekin jokatu zuen bizkarrez, eta ingelesak ez zuen barkatu Sergio Herreraren aurrean. Erdilaria esne mamitan dabil, eta nafarrek bakarrik iristen utzi zioten.

Jokalekurik okerrena zen Osasunarentzat. Haize kontra aritzea zegokion. Kontraerasoan min egiteko pare bat saiakera egin zituen, baina, bestelakoan, baloi jabetza oso luzeak izaten utzi zion Real Madrili. Gorritxoen presioa ez zen batere oldarkorra izan. Gainera, atzeko lerroan baloi arriskutsuak galdu zituzten.

Erauntsiari ezin eutsi

Nolanahi ere, Ancelottiren taldeak ez zuen erritmoa aldatu, eta nekez sortu zuen arriskua Osasunaren arean. Kontrara, atsedena gerturatu ahala aurrerako urratsa egin zuen atzo Bittor Alkizak zuzendu zuen taldeak. Erasoan agerraldiak pilatuz joan zen, eta, luzapenean, Budimirrek bere oinetan izan zuen banakoa. Baloia area barruan jaso zuen, Torrok keinu egin eta gero, baina ez zen ohi bezain zehatza izan jokaldia biribiltzerako orduan.

Berdinketa gertu ikusita, bestelako suhartasun batez egin zuen eraso Real Madrilek bigarren zatian. Joselu 2-0ekoa egitear izan zen aldageletatik itzuli eta berehala, baina gehiegi gurutzatu zuen baloia. Zentimetro kontua izan zen. Hortik gutxira, eskuaira eta kartaboia atera zituen Bellinghamek. Ruben Garcia atzean utzi, Valverderekin hormarena egin, eta baloia Sergio Herreraren hanken artetik bidali zuen sareetara. Eskolako jolastokian balego bezala aritu zen.

Gol horrek guztiz desitxuratu zuen Osasuna, eta, hortik aurrera, jostailu hautsi bat izan zen etxekoen eskuetan. Peña areaz kanpoko jaurtiketa batekin saiatu zen, eta, 63. minutuan, Carvajalek bultza egin zion Budimirri area barruan. Epaileak ez zuen ezer ikusi. Minutu bat geroago, neurketa guztiz erabakita utzi zuen Viniciusek, David Garciaren bizkarrera lasterka egin, Sergio Herrera gainditu eta baloia emeki sareratuta. Oinazea ez zen hor bukatu gorritxoentzat, 69. minutuan laugarrena sartu baitzien Joseluk, Viniciusen jokaldi ona baliatuta.

Emaitza are mingarriagoa zatekeen Herrerarengatik izan ez balitz. Izan ere, 84. minutuan penaltia gelditu zion Joseluri, eta luzapenean ondo erantzun zion Lucasen jaurtiketari. Zakua bete gol jasota eta hamar punturekin helduko da Osasuna geldialdira.

Arrasate minduta zegoen partida amaieran. «Ez gaude pozik. Egutegi zaila izan dugu. Hurrengo hilabetea oso garrantzitsua izango da, hiru partida jokatuko baititugu etxean. Elkarrekin pasatu behar dugu bolada txar hau. Ez gaude pozik sasoia nola hasi dugun ikusita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.